Argazki Elkarteak Argazki Rallya antolatu du iganderako

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 4a, 11:04

Azpeitia eta Matxinbenta artean egingo dute Urola Bailarako XXXI. Argazki Rallya

Rallyan izena igandean eman behar da, 09:00etatik 09:30era eta Argazki Elkartearen egoitzan

Urola BailarakoXXXI. Argazki Rallya egingo du etzi, igandean, Azpeitiko Argazki Elkarteak, Azpeitia eta Matxinbenta artean. Argazki kamera digitala eta memoria txartela dutenek hartu dezakete parte.

Rallyan izena igandean eman behar da, 09:00etatik 09:30era, Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi plaza 1-1, Telefonicako eraikin zaharrean). Izena ematean bost euro ordaindu behar dira, baina 16 urtetik beherakoentzako doan da parte-hartzea. Denek hamaiketakoa izango dute, eta Rallya bukatu ondoren bazkaria antolatu dute. Rallya 14:00etan bukatuko da eta egoitzan deskargatuko dira txartelak: "Gehienez jarraian ateratako 50 argazki izan beharko dituzte; beraz, ezingo dira argazkiak ezabatu". Ondoren, partaide bakoitzak gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta hilaren 17a baino lehenago posta elektronikoz azpeitikoargazkielkartea@ hotmail.com helbidera bidali beharko ditu, "partaidearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakiak adieraziz".

Ibilbidea Azpeititik Matxinbentara izango da, eta sei gai jarriko dituzte antolatzaileek. Gaiak zein diren irteeran esango dute. Partaide bakoitzak hutsik dagoen memoria txartela eraman beharko du eta han erresoluzio onenean atera beharko ditu argazkiak.

Sariak

  • Helduak. Lehen bilduma onenari 120 euro eta Azpeitiko eskudela; Bigarren bilduma onenari 90 euro eta garaikurra; eta hirugarren onenari 60 euro eta garaikurra.
  • Sari bereziak.Rallyko argazki onenari garaikurra; Fototeka argazki onenari garaikurra; eta herriko lehen sailkatu ez sarituari garaikurra.
  • Gaztetxoak. 16 urtetik beherakoen hiru bilduma onenei garaikur bana.