"Eskubideak zozketan" jartzearen kontra

Uztarria.eus 2008ko mar. 31a, 12:03

Gaztetxeko Gazte Problematikako lan taldeak prentsaurrekoa eskainiko du apirilaren 4an

Udalari etxebizitza politika berri bat eskatu eta eskubideak zozketan jarri izana salatzeko egingo dute agerraldia gazteek

Apirilaren 4an zozkatuko dituzte Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko 154 etxebizitza. Zozketaren harira, Gaztetxeko Gazte Problematikako lan taldeak prentsaurrekoa eskainiko du zozketaren egun berean: apirilaren 4an.

Udalari etxebizitza politika berri bat eskatuko diote gazteek prentsaurrekoaren bidez, eta ildo beretik, eskubideak zozketan jarri izana salatuko dute, "etxebizitza guztion oinarrizkoa eskubidea delako", diote.

Prentsaurrekoan herritar ezberdinek parte-hartzea nahi dute gazteek: "zozketan parte hartuko dutenak agertzea nahi dugu batetik. Etxebizitza tokatu zaienak eta baita tokatu ez zaienak ere. Gero, baldintza guztiak ez betetzeagatik zozketan sartzea lortu ez dutenek ere prentsaurrekoan parte-hartzea nahiko genuke".

Apirilaren 2an bilera informatiboa

Prentsaurreko aurretik, agerraldian parte-hartuko duten guztien artean bilera informatiboa egingo dute. Apirilaren 4ko agerraldiaren inguruko azalpenak eskainiko dizkiete gaztetxekoek prentsaurrekoan parte-hartuko dutenei. "Herritarrei dei egiten diegu apirilaren 2ko bilerara eta 4an egingo den prentsaurrekora animatu daitezen" esan dute gazteek.