Jose Luis Franzesenaren omenaldia, apirilaren 5ean

Uztarria.eus 2008ko mar. 28a, 16:03
Omenaldiaren antolatzaileak, gaur.

Izarraitz pilotalekuan omenduko dute musikaria

Udalak omenaldian parte hartuko duten taldeei eskerrak eman nahi izan dizkie beraien "borondate onagatik"

San Inazio festetan utzi zion Azpeitiko Musika Bandako zuzendari izateari Jose Luis Franzesenak, eta apirilaren 5ean egingo diote omenaldia, Izarraitz pilotalekuan, 19:00etatik aurrera.

Gaur (ostirala) egin dute omenaldiko aurkezpena, udaletxean, eta bertan izan dira ekitaldian parte hartuko duten taldeetako ordezkariak, Udaleko Festa batzorderu Mikel Ibarzabal, eta Udal Musika Bandako kide eta omenaldiko antolatzaileetako Aitor Gorrotxategi.

Ibartzabalek taldeei eskerrak eman nahi izan dizkie beraien "borondate onagatik". "Orain hilabete batzuk hasi ginen antolaketan, eta talde hauen laguntzarik gabe ezingo genuke ezer egin. Franzesenak merezi du omenaldi bat herrian".

Ekitaldia hiru ataletan banatuta egongo dela adierazi du Gorrotxategik, eta bakoitzean gai ezberdinen inguruko bideotxo bat eta hitz batzuk egongo direla. "Ez genuen ekitaldia oso luzea izatea nahi. Ordubete edo ordu eta erdi iraungo du eta Franzesenaren bizia, lana eta pasioa izeneko hiru ataletan banatu dugu. Hark egin duen lan guztia eta konposatu dituen kantu guztiak ezin dira ekitaldi batean erakutsi; hala ere, ekitaldian taldeek kantatu eta dantzatuko dituzten ia doinu guztiak berak sortuak dira eta beretzat bereziak direnak aukeratzen saiatu gara. Gure asmoa omenaldi xume bat egitea izan da".

Berrehun parte-hartzaile pasa

Ekitaldian 250 bat parte-hartzaile izango dira, eta azken entseguetan ari dira. "Lan asko suposatu du", esan du Ibarzabalek. "Argazki Elkartekoak Franzesenaren argazki bilketa handia egin dute, adibidez, eta beste talde guztiek ere dena prestatzen ordu asko eman dituzte".

Sarrera doan; ondoren, afaria

Omenaldirako sarrerak doan izango direla adierazi dute antolatzaileek eta, norbaitek borondatezko dirurik eman nahiko balu, dirua Elena Albizuri Indian dagoen misiolariari bidaliko diotela.

Omenaldiaren ondoren afaria egingo dute, Kiruri jatetxean, eta bertara joan nahi duenak txartelak salgai ditu: Eguzkitza, Ametsa, Juantxo Txiki, Ongi Etorri eta Udal Kultur bulegoan.

Omenaldian parte hartuko duten taldeak

-Azpeitiko Udal Musika Banda.
-Julian Barrenetxea Abesbatza.
-Parrokiko Abesbatza.
-Juan Antxieta Musika Eskola.
-Dantza Suelto Eskola.
-Itsasi Dantza Taldea.
-Eltziegoko Dultzaineroak.
-Izarraitz Txistulari Elkartea.
-Azpeitiko Argazki Elakartea.