Karmelo Otaegi: "Irrati independentea ginen"

Berria 2008ko mar. 19a, 13:03

'Berria'-k elkarrizketa luzea egin zion igandean Loiola Irratiko kazetari izandakoari

Euskarazko irratigintzako lehen esatarietako bat da; euskara eta irratia uztarturik zertarako behar ziren garbi zuena

Karmelo Otaegi (Azpeitia, 1932) Loiolako Herri Irratiko ahotsa izan zen urte askotan. Irratiaren sorreran izan zen 1961ean, eta frankismoaren zentsurari aurre egin beharra egokitu zitzaion. Urte gozoagoak etorri ziren euskararen zabaltzearekin batera, baina zailak ere bai herri irratien izaerari eta egoerari buruzko erabakietan. Hamar urte dira utzi zuela. «Badakizu zer duen ona erretiroak? Gauzak egiteko lasaitasuna». Patxadaz ekin dio solasaldiari, eta hasperen egiten du batzuetan, gertaera batzuk beste modu batera nahi izateak ez baitu ja erremediorik.

Nolako irrati entzulea zara orain?

Eskasa, aitortu behar dut. Ez dut asko entzuten, eta hori esateak lotsatu egiten nau pixka bat, hainbeste urtetan irratian lanean aritu eta gero.

Ez al duzu aurkitzen nahi duzuna?

Orokorrean bai, baina, betikoa da: askotan ikusten dut gauzak esateko modua epela izaten dela eta, bestalde, gogorregia eta manipulatua. Behar bada kritikoa naizelako ez dut asko entzuten irratia. Lehen irratigintza hobea egiten genuela uste dudalako naiz kritiko? Ez, ez da hori. Orain abantaila asko dauzkate eta gauzak hobetu egin dira, baina oraingoek badituzte akats batzuk guk ez genituenak.

Nolako irratigintza zen, bada, zuena?

Loiola irratiak bi helburu zituen hasi zenean. Elizaren esku zegoen eta Elizak zertarako nahi zuen irrati bat nabarmena zen: kristautasunaren mezua etxe guztietara zabaltzeko. Baina beste helburu batzuekin jantzi behar zela hori ikusi zen, gure irratiak Euskal Herria osatzen lagundu behar zuela, herriaren nortasuna sendotzen. Frankismoaren urteak ziren, eta euskararen bidez saiatu ginen horretan, nahiz eta oztopo handiak genituen euskaraz aritzeko. Euskara zabalduz joan ginen pixkanaka, eta ausartagoak izanez. Albisteak ematea, adibidez, debekatuta genuen, baina tranpa egitera ausartu ginen: hemen ez badigute uzten, beste hartan egingo dugu.

Zentsura gainditzea nola lortzen zenuten?

Kultur arloko gaiez baliaturik. Kultura folklore gisara hartzen zuten agintariek, eta gai horietan bakarrik genuen euskaraz egiterik. Orduan saiatzen ginen bestelako informazioa sartzen eta gure helburuen alde egiten: ohiturak baino gehiago gure nortasuna sendotzea.

Zu nolatan hasi zinen?

Jose Mari Bergara jesuita izan zen irrati txiki bat erosi eta Loiolatik emisio batzuk egiten hasi zena, erlijio gaiak eta meza emateko. Berehala pentsatu zuten esatari talde bat ekarri eta irrati bat egitea; Azpeitira eta Azkoitira jo zuten, eta nire izena eman zien norbaitek, harremana ere banuelako Loiolako jesuitekin. 1960ko udazkenean probetan ibili ginen, kazetaritza ikasia zeukan zuzendari bat ekarri zuten, erdalduna, eta hasi ginen zerbait serioago egiten. 1961eko otsailaren 11n inauguratu zen. Hiruzpalau esatari ginen, eta handik gutxira ekarri zituzten Itziar Sagarzazu zestoarra eta Jose Mari Iriondo, gero aski ezaguna egin dena. Tranpak egiten genituela esan dut lehen, bai, baina bultzaka ibiltzen ginela ere esango nuke; gogoa genuen aurka ibiltzeko, eta horren ondorioz hainbat isun jaso genituen, irratia ixteraino. Uhinak berrantolatzeko Europatik etorritako agindu bat jarri zuten aitzakia. Saiatu ziren jesuitak, baina alferrik. FMn emititzea zen erremedio bakarra, eta horretan hasterako urtebete pasatu zen. Bultzada ikaragarria sumatu genuen garai hartan entzuleen aldetik.

Zein zen euskararekiko kezka?

Aurrenik euskaraz egitea, ahalik eta ongien. Euskara batuaren eztabaida etorri zenean guri ere etorri zitzaigun galdera: zein euskara erabili behar dugu, herrikoia edo batua? Norbaitek asmatu zuen hitz bat: baturantza. Batuak zituen berrikuntzak sartzen joatea zen erronka. Garbi genuen herri euskarari eutsi behar geniola hiztegiaren eta esamoldeen aldetik, baina hitzak bere osotasunean argi eta garbi esanez. Euskaraz aritzea nor bere herrian egiten zuen bezala oso zaila zen, Elgoibarren era batera egiten dutelako eta beste batera Bergaran. Gauza bitxiak ere gertatu ziren euskararen kontura. Arrosarioa egunero errezatzen zen, euskaraz, baina letaniak, bukaeran errezatzen diren horiek, latinez egiten ziren; ohitura hala zen. Jose Mari Bergarak halako batean proposatu zuen euskaraz zergatik ez egin. Hala hasi ginenean iskanbila sortu zen; zenbait alderditatik, pentsatuko duzu zeintzuetatik, protesta egin zuten, nazionalistak eta ETAkoak bagina bezala, arrosarioko letaniak euskaraz errezatzeagatik.

Telebista gizarteak eskatzen diona dela esaten dute askok. Orduko irratiak gizarteak eskatzen zionari erantzuten zion?

Orokorrean uste dut jendeak nahi zuenari erantzuten saiatu ginela, nahiz eta gure baliabideak ere eskasak ziren oraingoen aldean. Ez dakit zenbateraino egiten genuen jendeak eskatzen zuena, baina egiten genuena gustura hartzen zuen. Orduan errazagoa zen zegoena onartzea, berria zelako; orain kritika da errazagoa. Bertsolari eta trikitilarien inguruko gaiak asko landu ziren hasiera hartan Iriondo buru zela, eta musikalak eta umorezkoak ere oso gustukoak ziren. Esketx batzuk egiten genituen, geuk idatziak eta antzeztuak. Imanol Elias ere ibili zen horretan garai hartan.

Euskararen garrantzia zein zen, lehen oztopoak gainditu eta gero?

FMn sartu eta gero pixkanaka gehituz joan zen, %75 euskaraz egitera iritsi ginen. Jaurlaritzara euskara bultzatzeko diru eske joan ginenean datu hori erabili genuen. Euskadi Irratia sortu zenean izan zen, konkurrentzia desleiala egiten zutela-eta kexu ginen gu. Nik uste dut, Euskadi Irratia euskara hutsean sortu zelarik, gu atzera bota gintuztela. Donostiako Herri Irratiarekin bat egitearen ondorioz eta informatiboak erdaraz egitearekin batera euskara galduz joan zen.

Zeintzuk izan dira une zailenak zuretzat?

Bonba bat ere jarri zigutenekoa da bat. Elosu gainean, Itsumendiko antenan jarri zuten; Batallon Vasco Españolek errebindikatu zuen, eta norbaitek esan zuen guardia zibilak izan zirela. Euskaren erabileraren eta abertzaletasunaren kontra izan zen, garbi daukagu. Momentu gogorrak izan ziren; ez ginela irtengo pentsatu genuen, baina inkesta bat egin zen jendearen artean ea guk jarraitzea nahi zuten, eta erantzuna oso indartsua izan zen. Ekonomia aldetik ere sortu ziren momentu txarrak. Baina, aitortu behar dut, nahiko diru galdu arren, jesuitek beti izan zutela argi jarraitu egin behar zela, baliabide ona zela irratia euskal kultura eta kristautasuna zabaltzeko, eta eutsi egin behar zela.

Harremana ona zen jesuitekin?

Ez zuten eskua sartu, ez dakit goi mailan hitz egiten zutenean norabide batzuk zehaztuko ote zituzten, baina gu langileok ez genuen presiorik izan.

Eta COPErekin?

Lege aldetik babesa behar genuela ikusi genuelako sartu ginen COPEn, bestela sarri jipoitzen gintuzten.Ez dakit une hartan zenbateraino izan zen ona, nik uste baietz; baina, gero, urteak joan ahala konturatu ginen eskua geroz eta gehiago sartzen zutela eta zenbait irratsaio ematera behartzen gintuztela, egokiak ez zirenak, ezta gutxiago ere. Encarna Sanchez eta Jesus Mariñas pertsonaia xelebreekin gogoratzen naiz. Posible al da guk irratsaio horiek eman izana? Kexu asko izan genituen horregatik. COPEtik alde egiteak eragin ekonomikoa izan zuen. Orduan aztertu zen Iruñeko, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko emisorak elkartzea, Euskadiko kate bat sortzea. Egin behar zutenek egin zuten ahalegina, baina proiektuak ez zuen aurrera jo; ez zen txarra izango.

Zuk ardurak ere hartu zenituen. Irratiaren norabidearen gaineko eztabaidan parte hartu zenuen?

Jende gutxi ginen, eta erantzukizunak zabaltasunez hartzen ziren. Teorian, bai, ardurak ziren, baina denok nahiko antzekoak ginen. Dena den, aldaketa handienak izan diren urteak ez ditut hartu. Ez dut ezaupiderik iritzi bat emateko; baina, gainbegiratu bat emanda, nahasketa gehitxo ikusten dut, eta nondik nora dabiltzan argi ez. Gaurko komunikabideentzat irakurleak, ikusleak eta entzuleak dira garrantzitsuak, era batera edo bestera lortu beharrekoak, eta ez dakit Herri Irratia ere ez doan orain bide horretatik. Gaurko hedabideen okerrik handiena hori da, irakurleen edo entzuleen oso menpean egotea.

Nola uztartu irratian informazio lokala eta globala?

Guk lokala ikaragarri landu genuen eta borroka pixa bat izan genuen gai horrekin. Gure ildoari eutsi nahi genion: herriko informazioa ematea, eguerdiro albistegi zabala izatea Arrasaten, Beasainen edo Azkoitian gertatzen zena kontatzeko, elkarrizketak egiteko herri horietako arazoen gainean. Lokalismotzat jotzen zuten goitik, eta gai orokorrak eskatzen zituzten. Egunkari askok arrakasta hortik lortu dute.

Hedabide handiagoetara jo duten kazetari askoren eskola izan da Loiola Irratia. Zuk ez zenuen joateko tentaziorik izan.

Bai, izan nuen, baina adinean berandu harrapatu ninduen. Otermin izan zen lehena joaten, Euskadi Irratiaren sorrerarekin. Eskatu zidan joateko, baina familia hartu eta Donostiara bizitzera joateko gogorik ez nuen. "Zenbat urte gelditzen zaizkit, ba?", pentsatu nuen. Hainbeste ez ziren, eta nahiago izan nuen nengoen bezala segitu. Orain ETBn edo Euskadi Irratian dabilen jende mordoa pasatu da Loiolatik. Informazio lokala ematen genuenean sare ikaragarria genuen herri eta hiriburuetan, eta hor joan ziren denak irratira. Sare hori moztu zen ni azken urtean nintzela.

Jendea hartzeko probetan parte hartu izan duzu. Nola sumatzen duzu komunikatzaile ona?

Esatari ona zela konturatzen baginen nahikoa izaten zen, eta orduan asko estimatzen zen ahots ona izatea. Urteak joan ahala ez zitzaion hainbeste balio ematen ahots ona izateari, inprobisazioari bai; gaiari nola heltzen zitzaion eta nondik nora eramateko gaitasuna zegoen baloratzen zen. Hizkuntzaren erabilera ere oso garrantzitsua da.

Eta nola ikusi duzu, euskarari dagokionez, atzetik etorri den jendea?

Nire iritzia da galdu egin dela. Euskadi Irratia sortu zenean asko estimatu nuen, nahiz eta haiekin borrokan ibili, euskara oso ongi erabiltzen zutela. Baina, orain hain ongi egiten al dute? Nire iritziz ez. Naturaltasun falta ikusten dut euskararen erabileran, beharbada nirean ere bai. Arestian aipatu dudan euskara baturantza hori oso naturalki erabiltzen genuen guk. Herri Irratian esatari onak izan ziren, dudarik gabe.

Zertan gelditu da euskarazko irratigintzaren alde egin zenuten lana?

Orain ikusita, Herri Irratia euskalduna den edo ez ere ez dakit. Eta oraindik ere harrituta nago Euskadi Irratia sortzeko zegoenean Gasteizen eginiko bilera batean entzundakoaz . Labaien Jaurlaritzako sailburu zela bildu ginen, eta zer irrati sortu behar zen galdetu ziguten. Kazetari ezagun batek, euskalduna eta euskaltzalea, erdalduna behar zuela erantzun zuen, Euskal Herria herri bezala osatu behar zela eta erdaraz denek dakigunez, erdaraz egin behar zela. Eskerrak ez zen horrela gertatu. Gu, Herri Irratian, elebiduna izatearekin konforme geundela ere, momentu bat iritsi zen euskara gehiago erabiltzeko beharra ikusi genuela, bai entzuleengatik bai genuen kokapenagatik, Gipuzkoaren erdian. Baina, badirudi komunikabideak hiri handietan egon behar direla. Aldaketa horrek eta arazo ekonomikoek ausardia falta ekarri zuten.

Erakundeek ez zuten behar beste lagundu?

Hori ere bazegoen. Instituzioek euren irratia nahi zuten, eta Elizak eta jesuitek esango zuten independente izatea nahi zutela. Nik azpimarratuko nuke Herri Irratia independentea izan dela batik bat. Zaila da hori erlijioaren mundutik sortutako irrati batean, kristautasuna zabaltzea duelako helburu, baina politikaren aldetik posible da. Leporatzen ziguten abertzaleak izatea. Bai, eta zer? Burgoskoak ez al dira abertzaleak Burgosko gaiei dagokienez? Geuk geurea mantentzen genuen, eta indar politikoetatik nahiko aske ibili gara. Nire garaian bai, behintzat. Euskara bultzatzen baduzu, Euskal Herriaren nortasuna defendatzen baduzu, abertzaletasuna defendatzen baduzu, alde guztietatik esango dizute ez zarela independente. Baina, bai, baginen. Zergatik ez? Ez genuen loturarik gobernu batekin, ideologia batekin. Ideologia batekin lotzen bazara, alferrik da. Nola daude gauzak Espainian? Manipulazio hutsa da dena.

Motzean

Mikrofonoa. Errespetua ematen zidan hasieran, ez handia ere. Errespetu handiagoa ematen dit jendaurrean hitz egiteak.
Garai bat. Franco hil eta eragozpenik gabe lanean hasi ginenean, irratia zuzenean eginez.
Emanaldi bat. Pilota finalak. Tapiak eta Retegi I.ak Eibarren jokatu zutena. Oso gogorra izan zen Tapiak txapeldun izateko aukera bakarra orduan izan zuelako; erraz ari zen irabazten, baina izterrondoan konkor bat sortu zitzaion, eta galdu egin zuen. Kilometroak oso gustuko nituen.
24 ordu euskaraz. Hito bat izan zen, aurrerapauso bikaina egin zen euskarazko irratigintzaren alde. 24 orduz euskaraz lanean, beldurtzeko moduko presioarekin, baina belodromoko amaieran gogoangarriarekin, Agerpen huts batean gelditu zen edo bere ondorioa izan zuen horrek? Hori zalantzan dut.
Irratirako musika. Klasikoa aurkezten ibili nintzen, baina saioa kendu zidaten. Gure garaian oso garrantzitsua zen musika, orain ez zait iruditzen, dena hitza da.