Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia, errekorrak hausteko asmoz

Uztarria.eus 2008ko mar. 18a, 15:03
Loiola Hotelean aurkeztu dute Azkoitia-Azpeitia XV. Maratoi Erdia.

Diego Garciaren oroimenezko proba martxoaren 29an izango da, 16:30ean hasita

Garciaz gain, Antonio Crespo, atleta eta Garciaren laguna, omenduko dute aurten

Gaur, asteartea, aurkeztu dute hilaren 29an izango den Azkoitia-Azpeitia XV. Maratoi Erdia. Loiola hotelean egin dute aurkezpena, hasieratako urteetan bezala. Nazioartean gero eta sona handiagoa hartzen ari den proba "herrikoia, elite mailan kalitatezkoa eta errekorrak egiteko egokia" bezala definitu dute antolatzaileek: "horixe zen Diego Garciaren filosofia".

Iazko arrakastari eutsi nahi diote antolatzaileek; XeYe Kirol Elkarteak eta El Andaluz Peña Taurina elkarteak, hain zuzen ere. Horretarako, Lan Mobel, Corrugados, New Balance eta Kutxaren laguntza izango dute.

Hilaren 29an, 16:30ean abiatuko da lasterketa Azkoitiko plazatik. Azken zazpi urteetan bezala, Diego Garciaren atleta azkoitiarraren oroimenezko ekitaldia izango da proba. Aurten, ordea, Garciaz gain, Antonio Crespo eta Asier Cuevas atletak omenduko dituzte. Antolatzaileen esanetan, bat zenbakidun dortsala Garciaren familiari eskainiko diote aurten ere eta ohi bezala lasterketa hasi aurretik, minutuko isilunea egingo dute.

Aurtengo faboritoak

"Azkarra bezain zorrotza da maratoi erdi honen zirkuitua" diote antolatzaileek. Orain arteko errekorrak emakumezkoetan Pamela Chepchumbak egina da 1-08’-57’’ denborarekin eta gizonezkoetan berriz, Yaret Asmeron-ek ezarritakoa: 60’28’’. Hala ere, antolatzaileak anbizioz daude errekorrak hausteko eta horretarako aurten ere elite mailako kalitatezko atletak gonbidatzeko ahalegina egin dute. Hala, gizonezkoetan lehen postuak lortzeko "lehia" izango dela azaldu dute. "Yaret Asmeron, eta Willian Chebor eta Yusuf Songoka atleta kenyarren artean jokoa egongo da eta eurak ere errekorrak ezartzera datoz". Emakumezkoetan pixka bat "hankamotz" gelditu direla aitortu dute. "Maratoien denboraldia hasiko da berehala eta atleta askok Parisen edota Rotterdam-en korrituko dute. Hori dela eta emakumezkoen artean eliteko atleta gutxiago topatu ditugu" diote. Hala, proba irabazteko faborito gisa, Margaret Atundonyang kenyarra aurkeztu dute. Hala ere, Teresa Pulidok, Marta Fernandezek eta Ana Casaresek lehia egingo diotela esan dute. Aurreko urteetan bezala, aurten ere atleta ezinduen proba ere egingo dela jakinarazi dute eta ziur daude horrek proba are eta aberatsago egiten duela.

Sariak denentzako

Denera, hamabi sari banatuko dituzte: sei emakumezkoetan eta sei gizonezkoetan. Sariak esku dirutan emango zaizkie lehen hiru atletei. Horrez gain, parte-hartzaile guztiek probako txipa, kamiseta eta Diego Garciaren oroimeneko giltzatakoa jasoko dute.

Izen-ematea aurreko ostiralera arte

Aurten, estreinakoz, lasterkariek ezingo dute egunean bertan izena eman, martxoaren 28an, aurreko ostiralean, itxiko baita epea. Izena emateko 15 eurotan egin daiteke horretarako jarri dituzten saltokietan, Aradi eta Aitzakia kirol dendetan, besteak beste. Azken urteetan bezala, aurten ere internetez ere eman ahalko da izena, beraien webgunean eta 13 euro ordainduko da kasu horretan. Lasterketa egunean banatuko dituzte txipak, irteera ondoan, 14:00etatik aurrera.

Dutxa gehiago Ikasberri Azpeitiko Ikastolan

"Aurreko urteetan Azpeitiko igerilekuan nahikoa justu ibiltzen ziren parte-hartzaileak eta aurten horri soluzioa bilatu nahi izan diogu. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako dutxetara bideratuko ditugu emakumezkoek eta bertako aldageletan arropak uzteko aukera ere izango dute", azaldu du Manuel Unanue Udaleko Kiroletako Saileko arduradunak. Horrez gain, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako parkinga erabiliko dute aurten lehen aldiz aparkaleku gisa.

Eskerrak kolaboratzaile guztiei

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete aurten ere proba hau aurrera ateratzen lagundu duten erakunde, babesle zein boluntarioei.

(Informazio gehiago)