Juan Miguel Arregik Juanjo Etxeberriari emango dio Loiolako probintziaburuaren lekukoa

Urola Kostako Hitza 2008ko mar. 14a, 11:03
Juanjo Etxeberria 1984an sartu zen Jesusen Lagundian eta 1995ean egin zen apaiz.

Jesulagunen kargu aldatzeko elizkizuna hilaren 24an izango da, Loiolako santutegian

Etxeberria bi urte zituenetik Azpeitira etorri zen bizitzera; Arregi azpeitiarra da

Juan Miguel Arregik (Azpeitia) Jesulagunen Loiolako Probintziaburu izateari utziko dio hilaren 24an eta haren lekukoa Juanjo Etxeberriak hartuko du. Horrenbestez, azpeitiar batek utzitako kargua beste azpeitiar batek hartuko du. Kargua Loiolako Santutegian hartuko du Pazko Egunean. "Elizkizunaren hasieran ekitaldi sinple bat egingo dugu", Juan Miguel Arregik Urola Kostako Hitza-ri adierazi dionez.

Loiolako Probintziaburua Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako Jesulagunen burua da. Jesusen Lagundia 91 probintziatan banatuta dago eta horietako bat Loiolakoa da. Probintziaburuak Aita Generalak izendatzen ditu. Aurretik kontsulta probintzialetan hirukote bat proposatzen dute, probintziako kide guztiei iritzia eskatuta. Probintziaburuek beren ordezkaritza gobernatzen dute on doren.

Loiolako probintzian 300 jesulagun inguru daude. "Nire ordezkoa zein izango zen erabakitzeko probintziako jesulagunei kontsulta egin zitzaien. Gero, hiru hautagai aurkeztu zitzaizkion jesulagunen Aita Generalari, eta honek Juanjo Etxeberria hautatu zuen", azaldu du Arregik.

"Etapa berri bat hasten delako utziko dut probintzaiburu kargua", dio Arregik. "Aurten general berria —Adolfo Nicolas da Jesus Lagundiko Aita General berria— hautatzeko Batzar Nagusia egin dugu eta etapa berri bat hasten da". 2003ko uztailaren 31n, San Inazio Egunean, hartu zuen Loiolako probintziaburu kargua Arregik. Orain, kargua utzi eta gero, zer lan emango dioten ez dakiela dio.

Ia bost urte egin ditu probintziaburu eta "esperientzia interesgarria" izan dela aitortzen du. "Oso kargu aberatsa da, arazoekin kontaktuan zaudelako eta laguntzen ari zarelako. Exijentea da kargua, baina aberatsa". Arregiren ustez, arlo asko ukitzeko aukera ematen du Loiolako Probintziaburu izateak: "Deustuko unibertsitatea hartzen du, eta sei ikastetxe ditugu. Euskal Herrian bi mila laiko inguru dauzkagu, eta 200 jesulagun inguru Euskal Herritik kanpo lanean. Gainera, Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitarteaz munduan zehar (Indian, Ertamerikan, Venezuelan, Congon...) hainbat arlo lantzen ari gara".

Zuzenbidean doktorea

Jesusen Lagundiko Adolfo Nicolas Aita Jeneralak Juanjo Etxeberria (1966; Tolosa, baina bi urte zituela Azpeitira etorri zen bizitzera) Loiolako Probintziaburu izendatzeko erabakia otsailaren 22an hartu zuen.

Etxeberria, 1984an sartu zen Jesusen Lagundian eta 11 urte pasatu ondoren apaiz egin zen, 1995ean. Besteak beste, Zuzenbide Kanonikoan doktorea da Erromako Unibertsitate Gregorianoan. Deustuko Unibertsitatean zuzenbideko irakasle jardundakoa da eta Zuzenbide Fakultateko dekanorde izandakoa.