San Markosko zaborrak Lapatxera ere bai

Berria 2008ko mar. 13a, 14:03

Hilaren 31 dute azken eguna hango zaborren %100 Lapatx, Urteta eta Sasietara eramateko

Foru Aldundiak atzo (asteazkena) jakinarazi zuen erabakia

Orain dela bi aste hasi ziren eramaten San Markos Errenteriako zabortegira eramaten den zaborren zati bat Lapatx (Azpeitia), Urteta (Zarautz) eta Sasietako (Beasain) zabortegietara. Hala jakinarazi zuen atzoko (asteazkena) agerraldian Carlos Ormazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorrerako diputatu eta Hiri Hondakinen Partzuergoko presidenteak. Gaineratu zuenez, hilaren 31 baino lehen San Markosera eramaten den zabor guztia herrialdeko beste hiru zabortegi horietara bidaltzea espero dute.

Otsailean San Markosko zabortegia uda baino lehen ixteko Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak San Markosko Mankomunitatearekin sinatutako hitzarmenari buruz mintzatu zen Garapen Iraunkorrerako diputatua, plan berritua azaldu aurretik. Hitzarmenari esker egoera "desblokeatzea" lortu dela iritzi zion diputatuak.

Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde guztiak pozik agertu ziren hitzarmenarekin, zabortegia behin betiko ixtea ekarriko duelakoan. Dena den, zabortegia dagoen leku berean hondakinentzako transferentzia planta bat egiteko asmoa ez dute ontzat Aralarrek eta EB-Berdeek.

Halako planta bat industrialde batean egitearen aldekoago agertu ziren bi taldeak atzoko saioan, eta aukera hori gutxienez aztertzeko eskatu zioten Foru Aldundiari. Ordea, industrialde batean plantaren eragina kaltegarriagoa litzatekeela iritzi zion Ormazabalek.