Ander Ugarte: "Herri kirol ofizialez gain, artzain txakurren lehiaz eta ahari jokoez aritzen gara"

Berria (Ainitze Agirrezabala) 2008ko mar. 12a, 13:03

Ander Ugarte Herri Irratia-Loiola Mediako esataria da

Demak+2 herri kirolen inguruko irratsaioa iazko urrian estreinatu zuen eta larunbatetan eskaintzen dute, 14:30ean

Demak+2 herri kirolen inguruko irratsaioko esataria da Ander Ugarte azpeitiarra. Iazko urrian estreinatu zuen saioa, eta larunbatetan ematen du, 14:30ean.

Ander Ugartek (Azpeitia, 1981) herri kirol kontuen berri ematen die Loiolako Herri Irratiko entzuleei.

Demak+2 saioa egiten duzu. Zertaz da?

Garai batean, Herri Irratian herri kirolen inguruko albisteak biltzen ziren. Gero, informazio hori emateari utzi egin zitzaion, eta orain, berriro emateko asmoz, Demak+2 saioaren alde egin dugu.

Nolaz jarri diozu saioari Demak+2 izena?

Herri kiroletako probei dema, apustu, desafio ere deitu izan zaie; idi demak, esaterako. Orduan, herri kirolen inguruko saioa denez, hitz joko bat egin nahi izan nuen. Erabaki nuen gure irratsaioan herri kirol denen berri emango genuela. Eusko Jaurlaritzaren Plan Estrategikoaren barnean, ofizialki, 18 herri kirol daude. Gero, +2 hori herri kirol ofizialtzat jotzen ez diren jarduerei dagokie: artzain txakurren lehiaketei eta ahari jokoei. Hortik dator irratsaioaren izena: dema denak eta bi horiek.

Nola prestatzen duzu saioa?

Astebururako zein proba dauden begiratzen dut eta, horren arabera, protagonistei deitzen diet, elkarrizketak egiteko.

Zein kirolarirekin egin duzu hizketaldia?

Dagoeneko mordoxka batekin bai. Binakako Urrezko Aizkoraren finala pasa berria da eta, orduan, ia guztiekin aritu nintzen: Donato Larretxea, Miel Mindegia, Nazabal... Aimar Irigoien, Izeta eta Ostolaza harri-jasotzaileak ere elkarrizketatu ditut. Orain, sokatirarekin gabiltza, Munduko Txapelketa izan baita. Hala, AbadiƱo eta Badaiotz taldekoekin izan naiz; urrezko domina lortu dute.

Kirolari bereziak ere izango dira, ezta?

Pasa den astean Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolaria elkarrizketatu nuen. Esku bakarrarekin moztu zuen kanako enborra, 22 minutuan. Harri-zulatzaileen lana ere berezia da.

Loiola irratian zenbat urte daramatzazu?

Bost urte daramatzat, eta denetik egin izan dut. Loiola irratiko entzuleentzako magazin lokalak egin izan ditugu: Kalez kale, Loiolako Porrusalda... Bestalde, Eibar taldeak partidak etxean dituenean zelaian egoten naiz, haririk gabeko telefonoarekin zuzenean norgehiagoka ematen eta bukaeran jokalariak elkarrizketatzen. Izan ere, Herri Irratiak Eibarren duela gutxi emisora bat sortu du. Irratian gustukoen dudan alorra kirolak dira. Donostian Deustuko Unibertsitatean Giza Zientzien Komunikazioa ikasten ari nintzela, praktikak COPE Gipuzkoa irratian egin nituen. Tito Irazustarekin batera, Realaren denboraldi-aurrearen jarraipena egin nuen. Oso gustura.

Irratian ez ezik, Erlo telebistan ere aritzen zara. Zer moduz?

Aro digitala dela medio, lizentziak eskuratzeko, Azpeitiko Kaito telebista eta Zarauzkoa elkartu eta Erlo sortu zuten. Goizak irratitik libre ditudanez, Kaito telebistako zuzendariarekin hitz egin nuen, neure burua eskaini nion lanerako. Iazko urritik Azkoitiko eta Azpeitiko berriemaile gisa aritzen naiz. Aurretik, eskupilotako herri arteko finala eman nuen Kaito telebistarako.

Idatzi ere egin duzu, ezta?

Iaz Azpeitiko sansebastianetako danborradaren 50. urteurrena zela eta, liburua atera zuen Udalak, eta zati bat nik idatzi nuen. Historia biltze aldera, danborradako taldeko zuzendariak elkarrizketatu nituen. Bestalde, Azkoitiko Epsilon Euskadi enpresa liburu bat egiten ari da orain, eta harako ere ari naiz lantxo bat egiten.

(Ikusi elkarrizketa Berria.info-n)