Gosari Bihotz Osasungarria asteartean Karmelo Etxegarai Ikastolan

Uztarria.eus 2008ko mar. 3a, 18:03

Goizeko bederatzietan hasiko da, eta 10 eta 12 urte bitarteko 55 ikaslek hartuko dute parte

"Haurrei gaizki elikatzearen ondorioei buruz eta goizero behar bezala gosaltzeari buruz informatzea" du helburu ekimenak

Karmelo Etxegarai Ikastolako 10 eta 12 urte bitarteko 55 ikaslek bihar (asteartea) Gosari Bihotz Osasungarrian hartuko dute parte, 9:00etatik. Euskal Okindegi Federazioak eta Bihotz Bizi Elkarteak antolatutako ekimena da, eta "haurrei gaizki elikatzearen ondorioei buruz eta goizero behar bezala gosaltzeari buruz informatzea" du helburu.

Gosari Bihotz Osasungarriak Gipuzkoan zortzigarren edizioa betetzen du, eta lurralde honetan 2007-2008 ikasturtean 1.900 haurrek hartu dute parte. Ikasturte honetan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 91 ikastetxek parte hartu dute: Gipuzkoan 42k, Bizkaian 39k eta Araban hamarrek. Guztira 3.800 ikasle inguruk parte hartuko dute: Gipuzkoan 1.900ek, Bizkaian 1.600ek eta Araban 350ek.

Ikasleei hamabost minutuko hitzaldia eskaintzen diete eta bertan, besteak beste, gosari bihotz osasungarriaren osagaiak zeintzuk diren azaltzen dizkiete: esnea, kakaoa, eztia, indioilarra, fruta, ogia eta olioa. Hitzaldiaren ondoren gosaria hartzen dute, dietistaren baten azalpenen laguntzaz.

Gosari Bihotz Osasungarrietan Euskal Autonomia Erkidegoko Botikarien Kontseiluak, EGEDDek (Euskadiko Giza Elikaduran eta Dietetikan Diplomatuen Elkartea) eta EHUko Dietetika eta Nutrizio Eskolak laguntzen dute.