Arana Goiko auzunean lokal batek su hartu du

Uztarria.eus 2008ko ots. 29a, 17:02
Argazkian, suhiltzaileak Arana Goikoa auzunean atzo gauean.

Atzo gaueko hamaikak eta laurden aldera hasi zen sutea eta suhiltzaileak joan behar izan zuten itzaltzera

Eraikineko bizilagunak kalera atera zituzten, segurtasun neurri gisa

Atzo (osteguna) 23:15ak aldera sutea izan zen Arana Goikoa auzoko lokal batean. Dirudienez, gazte batzuk zuten lokal hori hartuta eta bilgune bezala erabiltzen zuten.

Hala ere, sutea gertatu zen unean lokala hutsik zegoen, ez zegoen inor barruan. Sua sofa batean sortu zela uste dute, baina sua nola sortu zen ez dute jakitera eman.

Suhiltzaileak sutearen tokira heldu zirenean, segurtasun neurri bezala etxepeko bizilagun guztiak kalera aterarazi zituzten. Udaltzaingoak adierazi duenez, sortutako suak ez du kalte pertsonalik eragin, eta eraikinean ere ez du kalterik sortu. Hala ere, lokalaren ataria keagatik belztuta gelditu da.

Jendea kalean eta balkoietan

Arana Goikoko lokal horretan sutea gertatu zen unean, ke asko atera zuen. Auzoko jende asko balkoietara atera zen eta batzuk baita kalera ere. Auzotar batek adierazi duenez, "suhiltzaileek etxepekoak kalera atera zituzten, eta batzuk pijamatan jaitsi ziren kalera zer gertatzen zen ikustera. Beste batzuek, berriz, etxepekoak, suhiltzaileen aginduz kalera irten behar izan zuten".