20 urte trenik gabe

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 25a, 10:02
Urolako Trena Zestoa-Herriko geltokiaren aurrean.

Otsailaren 5ean 20 urte bete ziren Urolako Trena gelditzeko agindua eman zutenetik

Joan den ostiralean, berriz, 82 urte bete ziren inauguratu zutenetik

1988ko otsailaren 5ean eman zuen Urolako Trena gelditzeko erabakiaren berri Enrike Antolinek, orduko Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Obra Publikoetako kontseilariak. Eskualdeko herrietako alkateak ez zeuden ados erabaki horrekin, eta manifestazioa ere egin zuten, baina horrekin ez zuten lortu Eusko Jaurlaritzako kontseilariaren iritzia aldatzerik.

Azken bidaia 1986an egin zuen

Urolako trena behin betiko kentzeko erabakia 1988ko otsailean hartu bazuten ere Eusko Jaurlaritzako agintariek, ia bi urte lehenago egin zuen trenak azken bidaia, 1986ko uztailaren 14an, hain zuzen ere. Ondorengo bi urteetan herritar asko eta asko trena kentzearen aurka azaldu ziren, baina ezin izan zuten aldatu erabaki hori.

Urolako Trenbidea 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuten eta Gipuzkoako trenbide sarea osatuta gelditu zen horrela. Zumarraga eta Zumaia arteko bidea egiteko eraiki zuten Urolako Trena. Manuel Alonso Zabala ingeniariak zuzendu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta kudeatu zuen trenbidea.

Urolako Trena berezia izan zen eskualdekoentzako, baita gipuzkoarrentzako ere. Izan ere, ordura arte Urolako bailara zen garai hartan trenbiderik ez zuen bakarra Gipuzkoan. Hala, 1926an Urolako Trenbidea eraiki zenean Gipuzkoako trenbide sarea bukatuta gelditu zen.

Erregearen bisitaldia

.1926ko otsailaren 22an, Urolako Trenaren inaugurazio egunean, Alfonso XIII.a Espainiako Erregea etorri zen Zumarragara, eta han Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariekin elkartu zen Urolako Tren berria hartzeko. Trenean egindako ibilaldiaren baitan, Azpeitiko geltokian ere egin zuen geldialdia.

.36 kilometro, 20 zubi, 29 tunel

Zumarraga-Zumaia arteko trenbidea 36, 613 kilometrokoa zen. 20 zubi, 29 tunel eta 17 geltoki zituen. Geltoki nagusia Azpeitikoa zen; bertan zeuden bulego nagusia, lantokiak, kotxe-tokia eta argindarraren elikadurarako azpizentrala.

Urolako Trena martxan egon zen 60 urteetan, 200 lagun aritu ziren lanean urtero. Espainiako Gerrraren ondoren, ordea, 100 pertsonara murriztu zuten bertako langileria. Trenbideari izena emango zion Urola ibaiaren bidea egiten zuen trenak. Zubien bidez ibaia batetik bestera zeharkatzen zuen ibilbide osoan zehar. Metro zabaleko trenbidea zen.

Bidaiarientzako zazpi motore elektriko eta 21 bagoi zeuden; merkantziarentzako, berriz, hiru motore eta 80 zamarako bagoi zituzten. Horrek osatzen zuen material mugikorra.

.60ko hamarkadan, ordea, merkantziak errepidetik garraitzen hasi ziren, trenbidetik beharrean. Urolako Trenari nabarmen eragin zion horrek.

Herritarren garraioari dagokionez, trena kendu zutenean autobusak jarri zituzten Urola bailaran. Gaur egun ere autobusek eskaintzen dute orduan trenak eskaintzen zuen zerbitzua.

Geltoki bereziak izan ditu

Urolako Trena berezia izan bada, trenbideko geltokiak zer esanik ez. Geltoki nagusia Azpeitikoa izan zen, baina ez bakarra. Azpetikoaz gain, Aizpurutxukoa, Azkoitikoa, Loiolakoa, Lasaokoa, Zestoakoak (Bainuetxekoa eta herri geltokia), Iraetakoa, Arroakoa, Zumaiakoak (lotunea eta herri geltokia) ziren bailarako beste geltokiak.

Urolako Trenaren geltokiak eraikin bereziak izan ohi ziren, eta gaur egunean ere egoera onean mantentzen dira horietako batzuk. Azkoitiko geltokia zena, adibidez, udal liburutegia da gaur egun. Azpeitiko geltokiak, berriz, Trenaren museoa dena hartzen du.

Geltoki zena, museo

Gaur egunean ezaguna da Euskal Trenaren Museoa. Azpeitian dago, lehen Urolako trenaren geltokia zen tokian, eta bisitatzen dutenek lurrun trenean Lasaora joan-etorria egiteko aukera dute asteburuetan.

Gainera, film ezagun bat baino gehiago grabatu dute trenaren museoan. Beste batzuen artean, SP-rako tranbia filma aipatu daiteke.

Urolako trena berreskuratzeko nahia

Azpeitiko EAE alderdiak udal hauteskundeetan azaldutako asmoen artean Urolako trena berreskuratzea aipatu zuten. Gaur egun alderdi horretan zerrendaburu aurkeztu zen Iñaki Errazkin da Azpeitiko alkatea eta Urolako Trena berreskuratzeko asmoak bi oinarri dituela dio. "Batetik, trenbide sozialaren ikuspegitik herriak eta eskualdeak lotuko dituen tren sare bat bultzatzeko apustua. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Urolako Trena berreskuratzea aipatzen du helburu moduan etorkizunerako asmoetan eta Zatikako Planean, nahiz eta mementoan horren inguruan erabaki zehatzik hartu gabe egon; gure helburua asmo horri heldu eta Urolako Trena berreskuratzeko Jaurlaritzari ahalik eta presio handiena egitea da".

Azpeitiko alkatearen esanetan, "printzipioz errazena" Azpeitia-Zumaia arteko trenaren ibilbidea berreskuratzea da. "Zumarragarako lotura zailagoa da. Eta Azpeitia-Azkoitia bitarteko ibilbide hori ere nola egin aztertu egin beharko litzateke", dio.

Batik bat trenaren aldeko apustua egiten dute, gaur eguneko garraioa errepidetik ateratze aldera, "eta ez gehitzeko". Urolako Trena berreskuratzeko asmoan bai pertsonen bai merkantzien garraioa hartzen dute kontuan. Iñaki Errazkinek dioenez, "urratsak eman behar ditugu garraio publikoa optimizatzeko eta pixkanaka inbertsioak egiten joan behar dugu".

Ikusi Urolako Treneko ikuskatzailea izan zen Rikardo Elorzari Urola Kostako Hitzan egindako elkarrizketa.