Munoaundiri buruzko 2008rako jarduera plana aurkeztu du Aranzadik

Uztarria.eus 2008ko ots. 18a, 13:02

Burdin Aroko herrixka harresitua izan zen Munoandi; Azpeitia eta Azkoitia herrien arteko mugan dago, Loiola atzean

Uztailean hasiko dute indusketa berria

Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Departamenduak Munoandiri buruzko 2008rako jarduera plana aurkeztu du. Burdin Aroko herrixka harresitua da Munoandi eta Azpeitia eta Azkoitia herrien arteko mugan dago, Loiola atzean. Orain, Aranzadik, Sonia San Jose buru dela, jarduera eta indusketa plana aurkeztu berri du eremu horretarako.

Iraurgi Lantzen elkarteak bultzatutako egitasmoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitia eta Azkoitiko Udalek lagundu dute diruz. 32.810 euroko aurrekontuekin, iazko udan abian jarritako indusketa lanei jarraipena emango diote.

.1995. urtean aurkitu zuten G. Alijostes, A. Olano eta S. San Jose ikerlariek Munoandiko aztarnategia. Iazko udan, Aranzadik indusketa plan bat jarri zuen abian eremu horretan eta herri harresituaren balizko sarreran egin zuten azterketa. Denera, 14 boluntario aritu ziren lanean, tartean hiru azpeitiar eta eremuaren garbiketa lana egin zuten gehienbat. Zeramika puskak, burdinazko erremintak eta herria inguratzen zuen horma izan litekeen harri blokeak aurkitu zituzten indusketaren ondoren.

Ikerketa berria uztailean

Aranzadiren arabera, denera, bost uda beharko dituzte Munoandiko eremua induskatzeko. Hala, uztailean induskatuko dute eremua bigarren aldiz. Azterketaren bidez, herriaren egitura nagusiak identifikatuko dira eta duela 2000 urte inguru herrixka honetan zegoen bizimodua berreraikiko da; hala nola, bizitokiak, babes-egiturak, herrixkaren jarduera ekonomikoen aztarnak, gune produktiboa eta hilerriaren inguruko azterketa egingo da.