Alaia Martinek Erniarraitz bertso sariketako finalerako txartela eskuratu du

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 18a, 10:02
Ezkerretik eskuinera: behean, Uranga, Velarde, Rekondo eta Alberdi. Goian, Martin, Urbieta eta Lasarte.

.120 bertsozale elkartu ziren herenegun Betharram aretoan

Velarde eta Urbieta ere sailkatu daitezke finalera

Ostiral gauean, Azpeitiko Betharram aretoan jokatu zen IV. Erniarraitz Sariketako bigarren kanporaketa. 120 betsozale bildu ziren eta saio bikain batez gozatzeko aukera izan zuten.

Jokin Uranga gai-jartzailearen aginduetara sei bertsolari aritu ziren: Alaia Martin oiartzuarra, Maialen Velarde zumaiarra, Aitor Urbieta Zarautzen bizi den itziartarra, Arnaitz Lasarte hernaniarra eta Lide Rekondo eta Tibalt Alberdi azkoitiarrak.

Batzuk aurrera, besteak ez

Lehenengo postuan Martin sailkatu zen, finalerako txartela eskuratuz. Bigarren, Velarde izan zen eta honek ere aukera handiak ditu finalean izateko. Hirugarren, Urbieta gelditu zen, finalera iristeko aukera eskuratuz. Laugarren, bosgarren eta seigarren, Lasarte, Rekondo eta Alberdi sailkatu ziren, hurrenez hurren. Honenbestez, Martinek finalerako txartela zuzenean eskuratu zuen, aurreko astean Iruretagoienak egin zuen bezala.

Oso saio bizia joan zen

Martinek goi mailako saioa osatu zuen. Ofizioka txukun, akatsik gabe aritu zen eta errima aberatsak erabiliz arrazoi onak bota zituen. Bakarkako ariketetan erraz jardun zuen, bertsoak borobilduz.

Velardek bere kantatzeko modu goxoarekin bertsozaleei gozatzeko aukera eman zien. Ofizioka txukun aritu zen eta bakarkako lanetan maila ona erakutsi zuen. Kartzelakoan gaia emanda, patera batean zihoan etorkinari buruz abestu zituen bi bertsoak hunkigarriak izan ziren askorentzat.

Urbietak ere oso lan ona egin zuen. Ofizioka, bere ironia eta umore berezia erakutsi zituen. Zortziko txikian Velarderekin Inauterietako gaiarekin egindako saioa izan zen txalotuena.

Lasartek, hasieran urduri aritu bazen ere, gero bere tokia aurkitu zuen. Ofizioka ale onak bota zituen eta bakarka ondo aritu zen.

Rekondo urduri samar aritu zen saio guztian zehar, baina bere bertso maila txukun eta azkarraren arrastoak utzi zituen. Bertsoak abesterakoan eman zion erritmoa aipatzekoa izan zen.

Alberdik jaso zituen txalo gehien. Gai umoretsuetan daukan abilezia erakutsi zuen. Urduri aritu zen arren, ale onak bota zituen.

Sailkapena

.1. Alaia Martin 210,5 puntu.

.2. Maialen Velarde 200 puntu.

.3. Aitor Urbieta 197,5 puntu.

.4. Arnaitz Lasarte 194,5 puntu.

.5. Lide Rekondo 175,5 puntu.

.6. Tibalt Alberdi 149 puntu.

Bertso aipagarriak

Maialen Velarde

Gaia: Munduan milaka asko dago goseak hiltzen:

Uraz haraindik mundu berri bat

nahiz didaten erakutsi,

poltsikoetan nuena eman

ta bi malkoak igurtzi,

patera baten abiatu naiz

eta nabil untziz-untzi,

haiek guztia izanagatik

ez digute sartzen utzi,

zergaitik dute hain gutxik asko

eta hainbestek hain gutxi. (bis)

-

Malko artean hala esan dit

ametsa hain zen biguna,

besarkatuaz kontsolatu det

nere alboko laguna,

ozeanora jaurtia dut nik

amorruaren marruma,

ta segituan bueltatu dit

honek bere erantzuna,

haientzat beltza dirua data

guretzat etorkizuna. (bis)