Erdi kalea hiritartzeko lanen lehiaketa martxan jarri dute

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 13a, 09:02
Erdi kalea.

Lur zoruko azpiegitura eta zoladura berria jartzeko aurrekontua 844.137 eurokoa da

Erdi kaleko lanekin Azpeitiko alde zaharra hiritartzeko proiektuaren laugarren faseari ekingo diote

Azpeitiko alde zaharra hiritartzeko proiektuaren laugarren fasea martxan jarri dute. Fase horretan Erdi kaleko lur azpiko azpiegiturak berrituko dituzte eta zoladura berria jarriko dute.

Lanak egingo dituena kontratatzeko lehiaketa marxan jarri dute dagoeneko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) atzo berri eman zutenez.

GAOn adierazten denaren arabera, behin kontratua sinatzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean egin beharko dituzte lanak. Aurrekontua, berriz, 844.137 eurokoa(BEZa barne) da.

Gaur egun Eliz kalea hiritartzen ari dira. Dagoeneko parrokiaren ataritik kalearen erdi aldera arteko lanak egin dituzte. Eliz kalekoa bukatu ondoren hasiko dira Erdi kaleko lanekin.

Enparan kalea-eta aurrenak

Azpeitiko gune historikoaren hiritartzeko lanak Enparan kalean eta Plaza Txikian hasi ziren, 2005eko maiatzaren hasieran. Lehen fase horrek 781.349 euroko aurrekontua izan zuen. Orduan, Plaza Txikiko argiztapena ere berritu egin zuten; lurrekoa, alegia.

Alde zaharra hiritartzeko lanen bigarren fasea Perez Arregi plazan egin zuten. Bertako lanak 2007ko abuzturako bukatu zituzten. Obra honek 691.956 euroko aurrekontua izan zuen. Kasu honetan, plazaren itxura guztia aldatu zuten.

Orain, berriz, hirugarren faseko lanak egiten ari dira, hau da, Eliz kalea berritzeko lanak. Behin Erdi kalekoak eginda, Plaza Txikitik behera alde zahar guztiko lur zoruko azpiegiturak eta zoladura berrituta geldituko dira.