Olioak biltzeko edukiontziak jarriko ditu Udalak herrian

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 7a, 11:02
Hilero, lehenengo asteartean, olioa biltzen jarraituko dute gero ere.

Olioa biltzeko zazpi edukiontzi laranja jarriko ditu, herriko hainbat auzotan banatuta

Pilak jasotzeko ere ontziak banatuko dituzte, ikasleen bidez

Etxean erabilitako olioa biltzeko edukiontziak jarriko ditu Udalak, hil honetan bertan: "Gure asmoa ahalik eta azkarren jartzea da. Dagoeneko edukiontziak eskatuta dauzkagu". Guztira zazpi edukiontzi jarriko dituzte, sei herri gunean eta bat Urrestillan. Laranja kolorekoak izango dira. "Arropa biltzeko ontziak dauden tokietan, Pablo VI.a auzoan eta Urrestillan jarriko ditugu olioa biltzeko ontziak", azaldu du Xanet Esnaola alkateordeak.

Gaur egun hilean behin, lehenengo asteartean eta azoka egunean, jasotzen dute olioa herriko plazan egoten den furgoneta batean. Nahiz eta edukiontziak jarri, astearteetako zerbitzu hori ere mantenduko du Udalak, "olioaz gainera, furgoneta horrek etxeko material arriskutsuak ere jasotzen dituelako. Hala nola, mugikorrak, pintura hondarrak, merkurioa... jasotzen ditu olioaz gain". Horretaz aparte, herritar batzuk dagoeneko asteartetan erabilitako olioa eramateko ohitura hartuta daukatela diote Udalekoek.

Olioa berrerabiltzeko

Udalaren esanetan, "olioa birziklatu eta berrerabili behar den lehengaia da eta ezin da alferrik galdu. Harraskatik behera botatzen denean, gero araztegietan arazoak sortzen ditu olioak. Baina birziklatuz gero biodieselaren produkziorako erabilgarria da". Ecogras enpresaren furgoneta etortzen da hilero olioa jasotzera eta edukiontziak husteko ardura ere enpresa horrek izango du. Bildutako olioarekin autoentzako biodiesela ekoizten du Ecograsek.

Olioa biltzeko edukiontzi laranjetara plastikozko botiletan eta tapa ondo itxita bota beharko da olioa.

Olioaren bilketa

Bildutakoaren datuak:

Hilero, lehenengo asteartetan eta azoka egunetan, furgoneta batean erabilitako olioa biltzen dute herriko plazan. Azken urteetan bildutako olio kopuruak hauek dira:

  • 2002.3.075 litro.
  • 2003.3.425 litro.
  • 2004.3.751 litro.
  • 2005.4.435 litro.
  • 2006.4.940 litro.
  • 2007.5.540 litro.

Olioaren edukiontziak non?

Arroparen edukiontziak dauden tokietan:

  • Hartzubian: Jakaneko aurrean.
  • Perez Arregi plazan.
  • Euskal Herria auzoan: Garoa tabernaren aurrean.
  • Aranean. Loiolabideko etxeen ondoan, ibai aldera.
  • Salbe auzoan, Salbe 1-2an.
  • Toki berria:Pablo VI.a auzoan.
  • Herrigunetik kanpo.Urrestillan.

Nola bota edukiontzietara?

  • Edukiontziak. Zaborra botatzeko edukiontzien antzekoak dira olioa biltzeko ontziak ere. Laranja kolorekoak dira. Hil honetan jarriko ditu Udalak.
  • Plastikozko botiletan. Etxean erabilitako olioa plastikozko botiletan sartu eta tapoiarekin ondo itxi beharko da edukiontzian bota aurretik. Beirazko ontzietan edo botiletan ezingo da bota.

Pilak jasotzeko ontziak banatuko ditu Udalak, ikasleen bidez

Erabilitako eta gastatutako pila gehiago birziklatzeko neurriak hartuko ditu Udaleko Ingurumen Batzordeak. Horretarako, herriko ikastetxeetako ikasleen bidez familietara pilak jasotzeko ontzi txikiak banatuko ditu Udalak laster. Datorren asterako denak banatuta izan nahi dituzte.

"Pilak, gauza txikiak izanik, askotan galdu egiten dira etxean. Pila bat 600.000 litro ur kutsatzeko gai da. Beraz, jendeak kontzientzia izan behar du horretaz. Ontzi hauekin, etxean pilak biltzeko txoko edo gune bat izatea nahi dugu. Horrela ontzi horietan jaso aurrena eta gero kalean dauden pilenedukiontzietan hustea da gure nahia", dio Xanet Esnaolak.

Dena den, Udaleko arduradunen filosofiaren arabera, lehentasuna pilarik ez kontsumitzea dela azaldu du Esnaolak: "Aurren-aurrena pilarik behar ez duten tresnak ibiltzea da. Bestela, berriro kargatu daitezkeen pilak erabiltzea bultzatu nahi dugu. Azkenazkena, kargatu ezin diren pilak erabiltzea litzateke. Kasu horretan birziklatu egin beharko lirateke".

Pilen bilketa

Azpeitian, pilak biltzeko 23-24 postu edo edukiontzi daude herri osoan zehar banatuta. Edukiontzietan bildutakoa Lapatx zabortegira eramaten dute aurrena eta gero Recypilas enpresak jasotzen du materiala. Azpeitiko pilen ontzietan urtez urte bildutako kopuruak honakoak dira:

  • 2001.350 kilo.
  • 2002.2.017 kilo.
  • 2003.1.172 kilo.
  • 2004.1.706 kilo.
  • 2005.1.332 kilo.
  • 2006.1.472 kilo.