Karnabalei agur, zezenaren hiletarekin

Uztarria.eus 2008ko ots. 6a, 17:02

Astelehen gaueko helduen mozorro lehiaketak parte-hartze handia izan zuen eta ez zen umorerik falta izan kaleetan

Udalak "balorazio ona" egin du festez

Bukatu dira 2008ko karnabalak. Irudimen, kolore eta algara ugari izan da kaleetan egun hauetan. Elegante egunarekin hasi ziren festak, igandean, eta inudeak eta sokamuturra ere izan ziren protagonista.

Astelehenean eguerdian haurren mozorro desfilea ikusteko aukera izan zen, eta iluntzean helduen mozorro lehiaketak ikusmin handia sortu zuen; izan ere, denetik ikusteko aukera egon zen: barraskiloen lasterketa, herri kirolak, Spencer Tunick argazkilariaren biluzketa masiboa...

Helduen mozorro lehiaketako sarituak

Banaka:

-Lehen saria: Hegazkinak (150 euro eta bi afari Uranga jatetxean)

-Bigarren saria: Itsasoa eta arrainak (bi afari AƱota sagardotegian).

-Hirugarren saria: Txalaparta (bi afari Pastorkua jatetxean).

Taldeka:

-Lehen saria: Herri kirolak (1.000 euro).

-Bigarren saria: Tanketa (800 euro).

-Hirugarren saria: Pressing Catch (600 euro).

-Laugarren saria (aurreikusi gabeko saria): Karakolak (afaria).

-Bosgarren saria (aurreikusi gabeko saria): Iraurgi SBko mariskada (afaria).

Tabernen sari berezia:

-Orkatz: Azpeitiko Kilometroak 1979 (300 euro).

Udala pozik

Udalak festen balorazio positiboa egin du. "Bagenuen beldur pixka bat. Aurten oso jarraian izan direlako sansebastianak eta karnabalak eta horrek jendearen parte-hartzean eragingo ote zuen beldur ginen, baina oso harrera beroa izan dute festek", esan du Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak.

"Urtetik urtera jendearen parte-hartzea handitzen" ari dela dio Udalak, "eta gero eta kalitate handiagoa ikusten da mozorroetan".

Antolaketak "ondo funtzionatu du eta sokamuturrean izugarrizko jendetza egon da; izan ere eguraldia ere primerakoa tokatu zaigu".

Festen bukaera ere "oso polita" izan zela dio, "zezenaren hiletan haur eta gazte asko izan baitzen plazan agur esaten aurtengo karnabalei".

Astelehenean sokamuturrean plazan zauritu zen gizonezkoa Zumarragako erietxera eraman behar izan zuten, buruan kolpe bat hartu zuelako. Hala ere, DYAk esan duenez "ez zen ezer larririk izan".