Santa eskea, kopla eta kolorez jantzita

Uztarria.eus 2008ko ots. 1a, 14:02
Goiko argazkian, Urola Ikastolakoak santa eskean Uztaro haur eskolan. Behekoan, Iraurgi ikastetxekoak San Martin egoitzan.

Gaur, ostirala, herriko hainbat ikastetxek santa eskea egin dute; Urola Ikastolakoak beren egoitzetan egin dute santa eskea; Iraurgikoek, berriz, San Martin egoitzan

Ikasberri Azpeitiko Ikastolak ez du aurten santa eskerik egingo baina urteroko Euskal Inauterien jaialdia egingo du gaur arratsaldean

Santa Ageda eguna datorren astelehenean, hilak 4, izango da. Aurten, ordea, batera tokatu dira Santa Ageda eguna eta karnabalak. Hori dela eta, gaur, ostirala, egin dute santa eskea herriko hainbat ikastetxek.

Urola Ikastolako ikasleek beren egoitzetan egin dute kalejira. Institututik irten eta 12:00etan egin dute lehen saioa Karmelo Etxegaraik Euskal Herria auzoan duen egoitzan. Handik Uztaro haur eskolara joan dira eta, ondoren, Perdillegi kalean dagoen Lehen Hezkuntzako eraikinera.

Iraurgi Ikastetxeko haurrak San Martin egoitzara joan dira makilak eskuan hartu eta zapi koloretsuak lepoan zituztela. Egoitzan Santa Agedatako zenbaki kopla abestu dizkiete bertako egoiliarrei.

Ikasleen mozorro festa arratsaldean

Ikasberri Azpeitiko Ikastolak ez du aurten santa eskerik egingo Santa Ageda egunez karnabalak ere badirelako herrian. Dena dela, urteroko Euskal Inauterien jaialdia egingo dute gaur arratsaldean. 18:30ean abiatuko da kalejira Olazko Amaren plazatik eta joaldunak, zanpantzarrak, Behenafarroko bolantak, Lantzeko txatxoak, Lapurdiko kotilungorriak, Unanoako momoxorroak, sorginak, eta zaku zaharrekin jaialdia egingo dute ikastolakoek. Eguraldi txarra eginez gero, jaialdia Izarraitz pilotalekuan egingo dutela jakitera eman dute antolatzaileek.

Gainontzeko ikastetxeetan ere mozorro jaialdiak egingo dituzte gaur arratsaldean. Urola Ikastolan, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean haur eta gazteak mozorrotuta joango dira eskolara.