Juan Mari Ibarzabal: "Jende gaztea kamerarekin argazkiak egitera animatzen dut"

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 1a, 11:02
Goiko argazkian, Juan Mari Ibarzabal. Behekoan, iazko karnabaletan ateratako argazkia. Horrekin irabazi zuen argazki lehiaketa Ibarzabalek.

Juan Mari Ibarzabalen pasioa da argazkiak ateratzea

Web orrian zintzilikatu du bere bilduma osoa, ikusgai

Juan Mari Ibarzabalek (Azpeitia, 1954) aldean eraman ohi du, hutsik egin gabe, argazki kamera. Gutxien uste denean egokitu ohi da begien aurrean jasotzea merezi duen irudia. Urte hauetan guztietan argazkigintzan eman den digitalizazioak afizioa bera hoztu duela dio. Laborategian karreteak zuri-beltzean errebelatzearen nostalgia duela dio Ibarzabalek. Iaz, inauterietako argazki lehiaketako aurreneko saria lortu zuen.

Zer argazkirekin lortu zenuen aurreneko saria?

Sokamuturrean zezena tentatzen zebilela irrist egin eta lurrean gora begira agertzen da zezenaren ganadutegiko jabea bera, eskuak eta hankak zabal-zabalik dituela. Zezena mutilarengana doala ikusten da argazkian. Iazkoa lortu dudan bigarren saria izan da.

Gisa horretako argazkia lortzeak zailtasun handia al du?

Mugimendu duten gauza guztiak bezala, aurrez ez dago ezer prestatzerik. Zezena animalia da, ez dakizu nola erreakzionatuko duen, ezta pertsonak ere haren aurrean zer egingo duen. Kasu horretan ez duzu argazki bakarra ateratzen. Pila bat atera eta guztien artean beti dago gustuko duzunen bat.

Nondik datorkizu argazkigintzarako zaletasuna?

Beti gustatu izan zait. Hala ere, aita izan nintzenean umeei argazkiak ateratzen hasi nintzen; eta, paisaiari ateratzea nori ez zaio gustatzen. Pixkanaka zaletasuna hartuz joan naiz. Alabaina, argazkilari bezala gabezi batzuk dituzula konturatzen zara. Gauza ez da botoiari eman eta argazkia ateratzea. Jakin behar da zergatik egiten diren argazki onak eta txarrak. Nekienaz gain, gehiago ikasteko sartu nintzen argazkilari elkartean.

Sokamuturra argazkiak ateratzeko gai kuttuna duzue, ezta?

Sokamuturraren inguruan orain indarrean jarri nahi duten araudiak beldurra eta zalantza sortu digu azpeitiarroi. Sokamuturra oso geurea da, ea nola bukatzen den kontu hori. Gainontzean, jende gaztea bakoitza bere argazki kamerarekin kalera atera eta argazkiak ateratzera animatu nahi dut.. Gainera, lehiaketak puntu jatorra du. Izan ere, parte hartzen dugun guztiok afari bat egiten dugu elkarte batean. Afaria bost sarituen artean ordaintzen dute.

Web gunea ere baduzu. Nolatan?

Egindako lanekin, ateratako argazkiekin erakusketak egitea oso gustuko dut. Etxean argazki asko nuen eta, iloba batek webguneen inguruan ikastaro bat egin zuela eta, nire argazkiak zintzilikatzeko bat sortuko zidala esan zidan. Kirolarekin eta ingurumenarekin lotutako argazkiak ditut, baina batez ere Azpeitiko festetakoak. Denetariko argazkiak biltzen ditut nire webgunean, www.juanmariibarzabal.com.

Sokamuturra gaitzat hartuta, abian da XXIX. argazki lehiaketa.