Antonio Loinaz: "Gerran aurpegia eman behar izan genuen eta hala egin genuen; ez naiz damutzen"

Berria (Anakoz Amenabar) 2008ko urt. 30a, 12:01

.1936ko gerra hastean hogei urte zituen eta Eusko Gudarosteko sarjentu izendatu zuten

Berria egunkariak Plaza atalean elkarrizketa argitaratu du

Hamaika liburu bete daiteke Antonio Loinazen (Azpeitia, 1916) bizitzako pasarteekin. Eusko Gudarosteko sarjentu izandakoak gertakari guztiak memorian ondo gordeta dauzka. 36ko gerrari ahotsa eta aurpegia jar diezazkioketen lekuko bakarrenetakoa da. Arotza, organista eta argazkizalea da, eta Gasteizen bizi da, baina ez du Azpeitira bueltatzeko itxaropena galtzen.

1936ko gerra hastearekin batera zer egoera zenuten etxean?

Sufrimendua heldu zen gerrarekin batera. Ordura arte oso ondo bizi ginen, eta harekin familia hautsi eta gabezia ekonomikoa heldu zen. Aita Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakaria zen, eta anaiak ere EAJn afiliatuta geunden. Gerra hasita, anaia zaharrenak eta aitak alde egin behar izan zuten, eta ni gudari gisa joan nintzen. Ni errepublikaren alde nenbilela, Francoren aldeko armadan sartu zuten Iñaxio anaia gaztea. Elkarren kontra ez ginen aritu, zorionez.

Nolako erantzuna izan zuen Azpeitian gerra hasierak?

Altxamenduarekin batera, lantegi guztiak itxi eta jendea mobilizatzen hasi zen. Loiolako santutegian biltzen hasi ginen, hutsik zegoela aprobetxatuta. Jesuita ia guztiek Belgikara alde egin behar izan zuten aurretik, Manuel Azañaren gobernuak Jesusen konpainia bertan behera utzi zuelako. Euskal Gudarostea Loiolan sortu zen, eta bertan antolatu ziren lehendabiziko erasoaldiak. Azpeitiko jende ugari aurkeztu zen bertara, nazionalistak gehienak, anarkista eta sozialista gutxi zegoelako orduan.

Non egin zuen lehendabiziko ekintza Loiola batailoiak?

Bidania aldean izan zen. Erreketeek Berasa baserria zeukaten hartuta eta gu okupatzera joan ginen. Han Mikel Alberdi tolosarra galdu genuen, ekintza zuzendu zuen gudaria.

Loiolan hainbat faxista eduki zenituzten atxilotuta 36ko irailaren 20an.

Francoren aldera ez ihes egitea zen helburu bakarra, eta guk ondo tratatu genituen, baina egoera okertu egin zen. Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat herritar ziren. Bizkaira joan aurretik aske utzi genituen, bai Loiolan eta bai Juin jauregian zeudenak. Aske zeudela, tropa erreketeei agurra egitera irtetea erabaki zuten horietako zazpik, baina CNTko batailoiarekin topo egin zuten aurrez aurre. Iraetan fusilatu zituzten. Herrian, ordea, guri leporatu ziguten hilketa, baina gezurra zen.

Parte hartu zenuten borrokaldien artean Legutiokoa izan zen gogorrenetakoa?

Gaizki pasatu genuen han, bai. Gure kapitaina zena, Isidro Andonegi, eta Joxe Urbieta hil zizkiguten, besteren artean. Hasieratik gaizki atera zitzaigun erasoa. Hainbat egun egin genituen bertan borrokan.

Eta Gernikako bonbardaketaz ere justu libratu zinen.

Legution gaixorik jarri eta Gernikara eraman ninduten. Apirilaren 26an, bonbardaketa egun berean alde egin nuen herritik, goizean, han hainbat egun igaro eta gero. Jende ugari zegoen azokaren inguruan egun hartan. Otxandiora heltzean jakinarazi ziguten Gernika sutan zegoela.

Sarjentu izatera heldu zinen.

Oso gogorra izan zen. Hogeita bost eguneko saioa egin behar izan genuen, sobietarren metodoari jarraituta. Teoria militarra goizez eta instrukzioa arratsaldez.

Bizkaian, hainbat hilabete egin eta gero, entregatu egin zineten.

1937ko abuztuaren 26an izan zen. Bizkai osoa faxisten esku zegoen, eta ezin genien aurre egin. Ez genuen baliabide militar nahikorik aurre egiteko. Gerra galdu genuen, baina erreketeek ere ez zuten irabazi. Gerra alemanek eta italiarrek irabazi zuten.

Lan eta kontzentrazio esparruetara eraman zintuzten gero.

Castro Urdialesen ezagutu nuen lehenengo kontzentrazio esparrua, baina, beharbada, Miranda de Ebrokoa izan zen latzena, egun pare bat egin bagenuen ere. Eusko Gudarosteko gudari guztiak pasatu ginen handik, kartzelatu edo fusilatu zituztenak izan ezik. Ilea erabat moztu, bizkarrean injekzio arraro bat jarri, errizino olioa eman eta zelaian bueltaka eduki gintuzten. Gero Jadraquera eraman gintuzten, pala eta pikotxarekin errepide bat egitera. Ondo gogoratzen dut hango gertaera bat. Bi preso ihes egiten saiatu ziren eta harrapatu egin zituzten. Gure aurrean fusilatu zituzten, eta hilotzen aurrera banan-banan gerturatzera behartu gintuzten. 1938ko martxora bitartean Guadalajaran egon ginen, eta handik beste hainbat lekutara eraman gintuzten. 1939ko lehenengo hilabeteetan, Madrilgo frontean geundela, gerra bukatuko zela ikusten genuen.

Nolakoa izan zen Azpeitirako buelta?

Txarra, oso txarra. Ni gaixorik eta oso makalduta bueltatu nintzen. Gerraren aurretik oso ondo bizi ginen. Gerrarekin batera, aitak eta anaia nagusiak alde egin behar izan zuten, eta ama bakarrik geratu zen etxea aurrera ateratzeko. Sos eskas batzuekin geratu zen. Gerrarekin, familia banandu, ekonomikoki gaizki bizi eta jazarpen politikoa izaten hasi ginen.

Kaleko giroa nolakoa zen?

Gure aldekoek beldurra zuten, eta kontrakoek, berriz, kalte egiteko nahia. Gogoratzen naiz nola lagun batekin tabernan nengoela errekete izandako gizon bat gerturatu eta etxera joateko agindu zidan. Mehatxuen aurka ez genuen ezer egiterik.

Lana ere eskasa, ezta?

Urtebete pasa nuen lanik gabe. Lehengo lantegietan lana eskatu eta bat ere ez. Sindikatuak asko agintzen zuen orduan, eta, lantegietako beharginek lana eskaini arren, sindikatuak erabakitzen zuen. Nire izena zerrenda amaieran zeukaten. Lanik gabe eta kalera ateratzeko beldurrez.

Organogile ere ibili zinen garai batean.

Aitak hainbat organo egin zituen, anaia Joxerekin batera. Filipinetan ere izan ziren lanak deituta. Gerraren ostean, lanik gabe nengoela, aitarekin batera hasi nintzen organoak konpontzen. Harmonium pedaldunak egiten genituen, baina denborarekin eskaria jaitsi eta negozioa utzi behar izan genuen. 1973an Gasteizera etorri eta hemen altzari denda zabaldu genuen.

Damutzen zara egindako zerbaitetaz?

Politikari dagokionez, ez; aurpegia eman behar izan genuen eta eman genuen. Pozik nago egindakoarekin, ez naiz damutzen. Bestela, bizitzan hainbat hankasartze egin ditut, normala den moduan.

Egungo politika nola bizi duzu?

Hogei urterekin gure herria defendatu genuen eta asko sufritu genuen. Abertzaletasuna barruan sartuta daukat eta hala hilko naiz. Zenbat eta askatasun handiagoa, hobe. Espainolekin itxaropen gutxi daukat; uste dut sozialista eta popularrekin ez garela behin ere konponduko, eta ETAren bideekin ere gaizki. Gure garaian etxea defendatzea tokatu zitzaigun, guk ez genuen erasorik egin. Politika egin beharra dago.

Oraindik ere, gerrako eta gerra osteko dokumentuak biltzen eta orduko lekukoekin hitz egiten jarraitzen duzu.

Bai, orduko gertaeren gainean hainbat txosten idatzi ditut, eta ondorengoei uzteko, Nire oroitzapenak izeneko dokumentua ere egin dut, bizitakoa familiakoek ere ahaztu ez dezaten.

Gudariekin justizia egin dela uste duzu?

Ez. Eta nire kasuan ezin naiteke kexatu, sarjentu izanda laguntza handiagoa eman didatelako, baina gainontzeko gudariak baztertuta eduki dituzte. Urteetan ahaztuta egon gara eta ez da historia gogora ekarri nahi izan. Legutioko guda aurten gogoratu dute, erakundeen laguntzaz, lehendabiziko aldiz.

Erretiratu zinenetik zer afizio dauzkazu?

Ganbara txiki bat daukat, eta han daukat nire tailerra. Zurarekin eskulanak egiten ditut, eta bertan ditut beharrezko tresnak. Argazkilaritza ere gogoko dut; lau bat mila argazki edukiko ditut gordeta. Denbora ez dut galtzeko.

Azpeitira bueltatzeko asmorik?

Niregatik izango balitz, bihar bertan egingo nuke maleta. Gasteiz asko maite dut, eta lagun ugari ditut, baina deserrian sentitzen naiz.

--

Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuan jasota

Uztarria Kultur Koordinakundeak argitaratutako Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuan jaso zen Antonio Loinazi egindako elkarrizketa.

Uztarria aldizkarian 2005eko maiatzeko zenbakian egindako elkarrizketa