Administrazioko langile eta erizain guztiek jarraitu dute greba deialdia anbulatorioan

Uztarria.eus 2008ko urt. 29a, 11:01

Gaur, asteartea, egun osoan egingo dute lanuztea eta larunbateko zerbitzuak eskainiko dituzte

Eusko Jaurlaritzak lan baldintzak dekretuz ezarri izana salatu eta horien gaineko negoziazioa eskatzeko deitu dute lanuztea

Administrazioko langile eta erizain guztiek jarraitu dute Azpeitiko anbulatorioan ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuen greba deialdia. Gaur (urtarrilak 29, asteartea) egun osoko lanuztea egingo dute eta larunbateko zerbitzuak eskainiko dituzte. Larunbatetan aritzen diren langile kopuru berdinak egingo du lan eta urgentziak bakarri artatuko dituzte. Lan baldintzak dekretuz ezarri izana salatu eta horien gaineko negoziazioa eskatzeko deitu dute lanuztea.

Joan den urriaren 10ean sinatu zuen hitzarmena Osakidetzak Medikuen Sindikatuarekin. Anbulatorioko langileek azaldu dutenez, "Osakidetzak, lehenengo eta behin, sindikatu bakarrarekin sinatu zuen akordioa, gainontzeko sindikatuak kontuan hartu gabe". Gainontzeko sindikatuek, gainera, Osakidetzako langileen %90a ordezkatzen dute, eta akordioaren sinatzaileek, medikuek, gainerakoa: %10a. Lanuztera deitu duten langileek, ordea, "hobekuntza guztiak langile guztientzako izatea" eskatu dute.

Lanuztearen helburua "hiritarroi kalte egitea ez" dela argitu dute. "Alderantziz. Lan baldintzak hobetzen badira, gaixoei ematen zaien arretaren kalitatea ere, hobetuko da" azaldu dute.

Kontzentrazioa Donostian

Lanuztearekin batera, 10:30ean kontzentrazioa egingo dute Donostiako ospitalearen aurrean. Handik Amara auzora oinez joango dira segidan. Azpeitiko anbulatoriotik jakinarazi dutenez, hara joango dira hainbat langile.

Osakidetzak "lasaitasun mezua"

Osakidetzak, bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoen arabera, larrialdien zerbitzuen hamarretik hamarrek egingo dute lan eta, beraz, "lasaitasun-mezua" helarazi nahi izan die herritarrei.