Inauterietako I. Erreminta jaialdia antolatu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 28a, 12:01
Asier Egiguren 'Bikutze'-k eta Garikoitz Mendizabalek jokatuko dute, besteak, beste, Izarraitz pilotalekuko Erreminta Jaialdian.

Afizionatuen mailako herriko erremintako pilotariei aukera ematearren antolatu dute

Larunbatean, hilak 26, jokatuko dute txapelketa Izarraitz pilotalekuan

Inauterietako asteartean aspaldiko urteetan beti antolatu dute profesionalen mailako erremonteko partida Izarraitz pilotalekuan. Aurten, erremonteko partidaz gain, Inauterietako Lehen Erreminta Jaialdia antolatu du Udalak, hilaren 26an.

Manuel Unanue Udaleko Kiroletako batzordeburuaren esanetan, Erreminta Jaialdiarekin erremintan aritzen diren herriko kirolari afizionatuei herrian jokatzeko aukera eman nahi diote: "Era honetako ekitaldiren bat antolatzeko asmoarekin ibili gara eta azkenean Inauterietako larunbatean antolatu dugu".

Erremintan aritzen diren pilotariak ere gustura daude jaialdi hau antolatu dutelako, Oihana Unanue pilotariak hala dio: "Orain arte, ohituraz, beti eskuko pilota partidak antolatu izan dituzte, eta erremintan aritzen direnak ere badirela erakusteko herriari ondo dago". Unanueren iritziz, beheko mailetan aritzen direnei jokatzeko aukera eman zaie eta "neskekin ere gogoratu dira oraingo honetan".

Jaialdia, 17:00etatik 20:00ak arte izango da eta bost partida jokatuko dituzte: pala gomakoa, mutilek eta neskek partida bana; erremontekoa; pala luzekoa; eta zesta-puntakoa. "Hasieran hiru bat partida antolatu nahi genituen, baina guztiei aukera emateagatik, bost izango dira".

Partidarako sarrerak egunean bertan frontoiko leihatilan jarriko dituzte saltzen: 18 urtetik gorakoek 5 euro ordaindu beharko dituzte, 18 urtetik beherakoek hiru euro eta haurrentzako sarrera doan izango da.

Inauterietako asteartean, berriz, erremonteko profesionalen partida izango da, 17:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Ezkurra eta Lizaso ariko dira ordukoan, besteak beste.

Erreminta jaialdia

  • Pala goma, mutilak. Garikoitz-Ziarsolo (Azpeitia) Aizpurua-Eizmendi (Aia) bikotearen kontra.
  • Erremontea. Oiarzabal-Azurmendi (Azpeitia) bikotea Urrutia-Barrenetxearen (Hernani) kontra.
  • Pala luzea. Etxeberri-Bikutze (Azpeitia) Berasategi-Oteroren (Ordizia) kontra.
  • Zesta punta. Gorostola I.a-Gorostola II.ak (Azpeitia) osatutako bikotea Blazquez-Erkiagaren (Zumaia) kontra.
  • Pala goma, neskak. Nagore-Mirenek (Anoeta-Azpeitia) osatutako bikotea Nati-Oihanaren (Anoeta-Azpeitia) kontra.