Ingurugiro Etxearen barruko eduki guztia eraldatuko dute, "zaharkituta" dagoelako

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 24a, 09:01
Ingurugire Etxea abenduaren hasieratik itxita dago bisitarientzako, barruko edukiak eraberritzen ari diralako.

Eusko Jaurlaritzak iazko aurrekontuetan onartu zuen Ingurugiro Etxearen barruan lanak egitea

Bitartean itxita egongo da

Ingurugiro Etxean obretan ari dira eta itxita dago. Etxeak museo bezala iaz bete zituen 20 urte. Hasierako 11 urteetan Umeen Museoa izan zen, eta 1998an Ingurugiro Museo bezala egokitu zuten. Orduan jarritako edukiekin osatuta egon da orain arte. Orain, barrutik oso-osorik eraberrituko dute, eduki aldetik. "Eduki batzuk ez ziren asko erabiltzen eta beste batzuk, berriz, zaharkituta zeuden", dio Izaskun Zeziagak, Udaleko Ingurumen teknikariak.

Ingurugiro Etxea Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa da, baina hitzarmen baten ondorioz Azpeitiko Udalak kudeatzen du, eta mantenua Udalaren esku dago. Eusko Jaurlaritzak iazko aurrekontuan Ingurugiro Etxeko edukia eraberritzeko dirua aurreikusi zuen. "Iaz onartu zuen Jaurlaritzak Ingurugiro Etxerako obrak egiteko aurrekontua eta, horregatik, abenduan obrak hasi ziren. Beraz, abendutik itxita dago museoa", dio Zeziagak. Lanak hil honen bukaeran bukatuko dituztela aurreikusita dute, "baina baliteke egun batzuetan luzatzea". Egiten ari diren lanek 200.000 euro inguruko aurrekontua dute.

Eraberritzearen ondoren, "lehen bezalaxe, bi solairutan banatuta dauden gelak zabalagoak eta irekiagoak" izango dira. Bertan landuko dituzten gaiak, berriz, honakoak izango dira: atmosfera (airea, Lurra, klima aldaketa...), ura (eskasia, Urolako ibai ertza...), bioaniztasuna (ekosistemak, Azpeitia eta natura, espezieak...), demografia eta hiriak (mugikortasun iraunkorra, hiri iraunkorrak...), zarata, energia eta garraioa (energia berdea, garraioaren kostea...), hondakinak eta kontsumoa eta garapen iraunkorra. "Edukiak eraberritzen direnean, lehen baino gai gehiago landuko ditugu Ingurugiro Etxean", diote bertako langileek.

Gerorako asmo berriak

Edukiak eraberritzeko lanak Ingurugiro Etxean egin nahi dituzten lanen lehen fasea dela dio Ingurumeneko teknikariak. "Aurten argiztapena berritu nahi da, eta eguzki plakak jartzeko asmoa ere hortxe dago. Aurrera begirako beste asmo batzuk, berriz, aztertzen ari gara".

Ingurugiro Etxea eraberritzeko hirugarren fase batean, etxearen ingurua eraldatu nahi dute. Sarrerako aterpea ixtea aztertzen ari dira Ingurumeneko arduradunak: "Era horretan, beste erabilera bat emateko aukera egongo litzateke".

Kanpoko jolaslekuarekin eta berdegunearekin zer egin daitekeen ere aztertzen ari dira: "Hainbat espezieko landareak landatu nahi dute eta, horrela, bioaniztasun gelarekin lotura izango luke". Halere ez dute kanpoko jolaslekua ixteko asmorik: "Orain arte irekia izan da eta gero ere hala izango dela aurreikusten dugu. Izan ere, jendeak haur txikiekin-eta asko erabiltzen du".

Etxetik kanpoko bisitak

Ingurugiro Etxea abenduan itxi zuten obrak egiteko eta bukatu bitartean ez dute bisitarik jasoko. Baina beste toki batzuetarako bisitak ere zuzentzen dituzte bertatik, hala nola, Igarako errotara eta Lapatx zabortegira. "Zabortegian, zabortegira bertara edota Kontsumo Gelara egiten ditugu bisitak", diote Ingurugiro Etxeko langileek.