Aurten kaldereroen ordutegia aldatu eta arratsaldez irtengo dute

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 23a, 13:01

Kalejira Udaleko Festa Batzordeak antolatuko du, Ardozaleak elkartearen ordez

Aurten 19:30ean hasiko da eta ez gauean

Kaldereroen irteera ordua aurreratu egin dute eta, iluntzean irten beharrean, arratsaldean irtengo dute aurten, 7:30ean, Plaza Txikitik. Larunbatean izango da kalejira. Orduaz gainera, antolatzaileak ere desberdinak ditu aurten kaldereroen kalejirak; izan ere, Ardozaleak elkarteak antolatu beharrean, Udalak egingo du.

Kaldereroen kalejiran parte hartuko dutenak batik bat haurrak eta gazteak izango dira. "Ardozaleak elkarteak utzi egin dio kaldereroak antolatzeari eta, beraz, kalejiran parte hartuko duten gehienak haurrak izango dira; hori dela eta, arratsaldera aldatu da", dio Aloña Larrañaga Udaleko Gazteriako teknikariak. Txiki Txoko eta Iturri Txiki ludoteketako haurrentzako eta Zapo Txoko gaztelekuko gaztetxoentzat kaldereroetan irten aurretik merienda eta jaialdia antolatu dituzte. "Aurrez izena eman behar da, guk jakiteko meriendatzera zenbat lagun etorriko diren", dio Larrañagak.

Ludoteketako eta gaztelekuko haur, gazte eta hezitzaileez gainera, Juan Antxieta Musika Eskolakoak eta Udal Musika Bandak parte hartuko dute. Udaleko Festa Batzordetik aurreratu dutenez, aurreko urteetan bezalaxe "kaldereroak pare bat karrorekin eta astorekin irtengo dira".

Geldiuneak abesteko

Parte zaharrean ibiliko dira kaldereroak eta hainbat geldiune egingo dute Trapu Zaharrak abestia kantatzeko; zehazki, Plaza Txikian eta Olazko Amaren plazan geldituko dira. Gainera, kalejirari bukaera emateko, herriko plazan hainbat abesti kantatuko dute.

Ludoteketan gaur eta bihar egingo dituzte entseguak, 17:30ean hasita. Entsegu orokorra, berriz, bihar da izango da, Izarraitz pilotalekuan, 21:30ean.

Izen-ematea. Haur eta gaztetxoek, Kaldereroetan irten eta arratsaldeko jaialdian eta meriendan parte hartzeko, aurrez izena ematea komeni da. Izena, bi ludoteketan eta Zapo Txoko gaztelekuan eman daiteke.

Entseguak.
- Iturri Txiki eta Txiki Txoko ludotekatan. Gaur eta bihar, 17:30etik 19:30era bitartean.
- Entsegu orokorra. Bihar, 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Kaldereroen kalejira Urtarrilak 26, larunbata.
- 17:00. Kalderero gazteekin jaialdia Zapo Txoko gaztelekuan. Sun magoaren emanaldia.
- 19:30. Kaldereroen konpartsa, Plaza Txikitik irtenda. Udal Musika Bandarekin, Juan Antxieta Musika Eskolakoekin eta ludoteketako begiraleekin.
- 22:30. Uek (Ondarroa) eta Surfin Kaos (Donostia) musika taldeen kontzertuak, herriko plazan.

Ibilbidea. Plaza Txikitik irteera. Kaldereroetan irten behar dutenak Plaza Txikian elkartuko dira, 19:30ean. Ondoren honako ibilbidea egingo dute: Enparan kalea, Erdi kalea, Eliz kalea, Santiago kalea, herriko plaza, Olazko Amaren plaza, Bustinzuriko Errebala eta plaza.