Kalera irten aurretik, ikastetxeetan

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 19a, 11:01
Goiko argazkian, Iraurgi Ikastetxeko ikasleak Betharramdarretan elkartu ziren danborrada irudikatzeko. Erdiko argazkian, Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoak atzo danborradan. Beheko argazkian, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoen

Sansebastian jaietako lehen danbor hotsak ikastetxeetan entzun dira

Atzo, ostirala, danborrada egin zuten ikasleek

Herriko ikastetxeetan ere sansebastianak ospatu dituzte, jolastokietan danborradak eginez. Herrian egin ohi den jai handiari aurre hartu diete ikasleek. Danborrada egiten aurrenak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoak izan ziren. Perdilegin eta Euskal Herria kaleko eraikinetako jolastokietan ibili ziren danborra joaz.

Gero, 16:00etan, Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoek ekin zioten beren danborradari. Txiki-txikienek zuzendu zuten Haur Hezkuntza eta Lehen Hezuntzakoen danbor festa.

Iraurgi ikastetxeko ikasle gazteenak Betharramdarretako jolastokian bildu ziren eta hantxe egin zuten danborrada, 16:00etan hasita.

Bihar, txikiak kalera

Herriko San Sebastian jaietan bihar da txikien danborradaren txanda. 11 talde aterako dira; hamar danbor-jotzaileenak eta, bestea, danborradaren hasierako gastadoreena. Atzetik, berriz, ohi bezala karroza joango da. Azken urteetan ohi bezala, aurten ere Saioa Imazek diseinatutakoa da.