Jose Anjel Arruti: "Gustatu egiten zaidalako jarduten dut danborrak egiten"

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 19a, 12:01
Jose Anjel Arruti 'Oriyo'.

Jose Anjel Arruti 'Oriyo'-k aitari lekukoa hartu eta iaztik bere kasa danborrak egiten eta konpontzen jarduten da

Eurten ehunetik gora egin ditu

Lehen aitari laguntzen ibiltzen zen Jose Anjel Arruti (Azpeitia, 1956), Julian Arruti Oriyo-ri. "Hari lana pilatzen zitzaionean laguntzen jarduten nuen". Baina iaz aitari lekukoa hartu eta bere kasa hasi zen danborrak egiten eta konpontzen, semeak Azkoitian duen lokal batean. Danborradaren bezperan, atzo (ostirala), oraindik ere danborrak konpontzen ari zen; "entseguetan eta puskatutakoak konpondu behar", dio.

Aitari lekukoa hartu eta danborrak kopontzen eta egiten zabiltza iaztik, ezta?

Bai, hala da. Urte batzuetan inork ez zion heltzen aitaren jardunari eta beti pena horixe genuen etxean. Orduan neu hasi nintzen, eta gustatu.

Lan asko ematen al du danborrak egiteak eta konpontzeak?

Iaz konpondu nituen batzuk eta berriak ere egin nituen mordoska bat. Aurten, berriz, bi talde berrienak (Basazabal eta Ziripot) egin ditut eta solte batzuk ere bai: Arauntzakoentzat zortzi, beste lau ere bai...

Urtero izaten al da danbor berria egin nahi duen bakarren bat?

Bai, bai, taldean jende berria sartu delako edota lehengoak oso zaharrak zeudelako. Gero, bestalde, lehengo danborrak eta oraingoak oso desberdinak dira, baita modeloz ere. Asko kapritxosoak ere badira, eta danbor berria egitea nahi izaten dute.

Orduan, danborrarekin kapritxosoak direnak ere ba al daude?

Bai, bai eta oso kapritxosoak ere bai, gainera. Denetik dago. Noski, modeloa ere asko aldatu da gure aitak-eta egiten zituzten haietatik gaur egungoetara. Asko aldatu da pisuan eta denean.

Danborra egiteko orduan, gauza bereziren batekin egiteko eskatu al dizute?

Eskatu-eskatu, gauza berezi askorik ez. Baina nire semeek aurten aurreneko aldiz irten behar dute danborradan, eta beraien izena grabatuta egin dituzte danborrak. Beraiek beraientzako egin dituzte. Orain modan dago danborrean plastikoa jartzea: alde batean larrua jartzen diote danborrari eta bestean plastikoa. Batzuek plastiko klase bat edo bestea nahi izaten dute, merkeagoa edo garestiagoa.

Danbor on bat zenbat kostatzen da?

Danborradarako danbor bat batez beste 80-90 bat euro inguru kostatzen da. Baina hoiek ez dira danbor on-onak. Danbor on bat musikarako egiten dena da, eta horiek 300 euro inguruan-eta ibiltzen dira. Orain bertan txistulari batentzako danbolina egiten ari naiz; danbolin hori 200 euro inguru kostatuko da. Materialaren arabera ere asko aldatzen da kostua.

Danborra edo upela?

Ni neu danborzalea naiz. Baina aurten upelak egin ditut eta ederrak gelditzen dira hoiek ere. Haritza sartu diet eta zarata ederra egiten dute, baina desberdina da. Hor beste kontu bat ere badago: plastikoa edo larrua? Plastikoak era askotakoak daude, baina larrua bera nobleagoa da; bata naturala da eta bestea artifiziala.

Hemen danborrada neguan egiten da eta larrua erraz izorratzen da, ezta?

Bai, hori ere hala da. Horregatik, orain askotan goian plastikoa jartzen diet eta behean larrua; eguraldi ona bada, larrua duen aldera jarri daiteke eta, txarra bada, orduan plastikoaren aldera.

Danborrak egiten aitarengandik bakarrik ikasi al duzu?

Bai, laguntze aldera hasi nintzen eta. Halere, batekoa ikusi eta bestekoa begiratu, beti ere aztertzen ibili izan naiz. Aitak egiten zuen eratik hobetzen joan naiz. Hori edozein lantegitan bezala da; gaur egun nola egiten den lan edota garai batean nola egiten zen, desberdina da; erremintak ere desberdinak dira. Beti ezagutzen eta hobetzen saiatzen naiz.

Lehendik gaur egunera zertan aldatu da danborra?

Materialean, batik bat. Gure aita oso mugatuta zegoen, hark Azpeititik ez zuen irteten. Nik, berriz, materiala behar dudanean biltegietara joaten naiz, eta material desberdinak aztertu ondoren, behar dudana hartzen dut. Lehen aukera gutxiago zegoen eta gure aita irteteko ere ez zegoen. Asko aldatu da danborra.

Bi talde berriren danborrak egin dituzu. Beraz, esan daiteke, aurten 100 danborretik gora egin dituzula, ezta?

Ehundik dezente gora egin ditut. Aurten bai, urte gogorra izan da.

Danborrak egin eta konpontzeko ordu asko sartzen al dituzu?

Bai. Lantegi batean jarduten dut erreleboan lanean, eta handik irtedakoan danborrak egiten jarduten dut. Dezente denbora hartzen du. Familiak ere asko lagundu dit, semeek eta emazteak asko lagundu didate. Laguntzaileak izan ditut.

Gainontzean sansebastianak gustukoak al dituzu?

Bai horixe, bestela ez nuke jardungo langintza honetan. Gustatu egiten zaidalako jarduten dut. Neuk orain ez dut danborradan irteten, baina neure garaian irten izan naiz. Beti eduki dut berriro irteteko har hori; baina behin laga nuen eta gero alfertu egiten da bat. Orain gainera gusturago irtengo nuke. Baina azken batean, era batera edo bestera, festan parte hartzen dut, behintzat.

Sansebastianetako doinuen artean gustukoena zein duzu?

Desberdinak dira; pieza bat alaia izan daiteke eta beste bat serioagoa, baina gustukoak denak ditut.

Gaur non ikusiko duzu helduen danborrada?

Ahal dudan toki gehienetan saiatuko naiz ikusten. Aurrena, kalean goitik behera eta gero behetik gora; ahal baldin bada, plazan ere bai. Ahal dudan gehiena jarraitzen dut danborrada, ahalik eta leku gehienetan ikusten dut. Eliz atarikoa ere oso ederra da, baina hangoa ikusten baduzu plazakoa ezin da ikusi, hortxe ibiltzen gara borrokan. Urte batean parrokia aurrean eta bestean plazan, hortxe borrokan ailegatu ezinik.

Danborradako unerik ederrena zein da?

Plazakoa eta parrokia aurrekoa biak dira ederrak. Baina bietan egoteko danborradan bertan irten behar da, bestela batean edo bestean egon behar da. Non zauden huraxe gozatzen jakin behar da.

Behin sansebastianak pasatuta, danborrak egin edo konpontzeko lana datorren urtera arte bukatu egiten al da?

Ikastetxeko danborradako taldeetako danborrak konpontzen-eta lana izaten da. Gorde aurretik, puskatu direnak konpontzeko ohitura dute.