Helduen danborradan aterako diren bi talde berriak, "gogoz eta ilusioz"

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 16a, 12:01
Ezkerrean, Basazabal elartearen sukaldari jantzia eta eskuinean, Ziripot elkartekoen mikeletearena.

Basazabal Elkartea sukaldariz jantzita aterako da upelak jotzen eta Ziripot Elkartekoak mikeletez irtengo dira, danborra joaz

Bi talde berri hauek kontuan hartuta, danbor jotzaileen 21 talde eta gastadoreak irtengo dira Sansebastian bezperan

San Sebastian bezperan 22 talde irtengo dira helduen danborradan, tartean bi talde berri: Basazabal eta Ziripot. Batak txapa edo upela joko du eta besteak, berriz, danborra .

Biak ere elkarteetatik ateratako danborradako taldeak dira eta "gogoz eta ilusioz" daude danborradan irteteko. Orain dela bi urte, Basazabal elkartearen urteroko batzordean hartu zuten danborradan irteteko erabakia: "Erabakia hartu orduko danborradan irteteko izena eman genuen udaletxean. Baiezkoa jaso genuen. Baina iaz irteteko berandu eta aurten aterako ginela erabaki genuen", dio Edurne Lazkanok, Basazabal Elkarteko kideak.

Basazabalen danborradako prestaketak egiten bost lagun ibili dira. "Lana bada, erabaki asko hartu behar dira. Zeinek irten, adibidez ", kontatzen du Lazkanok. Elkartean irten nahi zutenen artean zerrenda bat ireki zuten eta, azkenean, 52 lagun irtengo dira danborra jotzen.

Nola jantzita irten ere erabaki behar izan zuten; "danborrak edo upelak ere baldintzatzen du hori", dio. Upela jotzen irtetea egokitu zitzaien eta orduan sukaldari edo militar janzkeraren arteko hautua egin behar izan zuten. "Azkenean sukaldari jantzita aterako ginela erabaki genuen". Profesionalentzako arropak saltzen dituen saltoki batetik inguratu dituzte arropak. Kantinera eta banderadunen jantziak, berriz, herriko jostun batek josi ditu.

Danborradarako entseatzen joan den astean hasi ziren Basazabalekoak, gainontzeko taldeekin batera. "Gure taldean lehen danborradan ibilitako asko dago, beste talde batzuetan, eta lehen entsegua beste taldeekin batera egin dugu", dio Lazkanok. Danborradan irten aurretik elkartean afalduko dute, "prestaketan jardundako taldeak prestatuko du afaria. Dagoeneko hemendik hamar urte arterako txandak ere egin ditugu".

Orain "ederrena" gelditzen zaiela uste du Edurne Lazkanok, "danborradan irtetea. Dena antolatzea kostatu egiten da, baina gero ederra da danborradan parte-hartzea ".

Ziripot, irailetik entseatzen

Ziripot Elkartekoak ere gogoarekin daude helduen danborradan lehenengoz irteteko. Hauek irailean hasi zituzten danborradarako entseguak, elkartean bertan. Hala kontatzen du Tomas Ugaldek, Ziripot Elkarteko kideak: "Zuzendariak bere kasa entseatzen jardun zuen uztailean eta abuztuan, eta irailean taldekoak hasi behar genuela, eta entseguei ekin genien. Haurrentzako danborrekin edota mahaiak joaz entseatzen aritu gara, elkartean bertan. Orain izugarrizko gogoarekin joaten gara Izarraitz pilotalekuko entseguetara Ondo pasatzen ari gara, gainera ".

Elkartea sortu eta izena eman

Ziripot Elkartea berria da; 2006ko abuztuan sortu zuten eta orduantxe hasi ziren danborradan irteteko asmoa aztertzen. "Elkartea sortu eta udaletxean danborradan irteteko izena eman genuen.

Baiezkoa jaso eta aurten irteteko hitza eman genuen. Bi fitxaje on izan ditugu danborradarako prestaketak egiteko: Mertxe eta Maria ahizpak. Ikaragarrizko lana egin dute hauek. Baina berez, 10-12 laguneko taldea ibili da antolaketan ", dio Ugaldek.

Zuzendaria aukeratzeko lan handirik ez dute izan bi elkarteetan, boluntario beren burua aurkeztu dutelako: Basazabalen Juanjo Lapeirak eta Ziripoten Francis Hidalgok. Ugalderen esanetan, "gurean Hidalgo taldea zuzentzeko prest agertu zen. Baina ordezko beste bat ere badaukagu izendatuta, badaezpada". Ilusioz eta gogoz daudela dio Ugaldek: "Agian aurreneko urteko ilusioa izango da. Baina gu gustura gaude eta orain arteko entseguetan ere oso ondo pasatzen ari gara".

Basazabal eta Ziripot danborradako taldeak kontuan hartuta, danbor-jotzaileen 21 talde eta gastadoreena aterako dira San Sebastian bezperako danborradan. Gauerdian plaza kolorez eta danbor- hotsez beteko da. Hala ere, denak plazan sartzeko txurro saltzailearen postua ez da herriko plazan jarriko.

Danborradako bi talde berriak

Basazabal

Elkartea.Basazabal Elkartea (Zelai Luzeko hiribidean dago). Janzkera.Sukaldariena. Zuria eta beltza. "Sukaldariaren janzkera klasiko eta modernoaren erdi bitarteko bat da". Zer jo?Txapa edota upela. Zenbat kide danborradan?52. Bandera.Alde batean elkartearen armarria eta, beste aldean, Azpeitiko armarria. Zuzendaria.Juanjo Lapeira.

Ziripot

Elkartea.Ziripot Elkartea (Iberotarren enparantzan). Janzkera.Mikeleteena. "Helduen danborradan Mikeleterik ez zegoelako aukeratu genuen". Zer jo?Danborra. Zenbat kide danborradan?44. Bandera.Albe batean Ziripot pertsonaiaren irudia eta, beste aldean, danborra, urtea eta elkartearen izena. Zuzendaria.Francis Hidalgo.