Emakumeen parte-hartzea sustatzera deitu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 15a, 10:01
Gero eta emakume gehiagok irteten du danborra jotzen helduen danborradan.

Danborradako ia talde guztietan parte hartzen dute emakumeek, baina badira emakumerik irteten ez den taldeak ere

Udaleko Parekidetasun Batzordetik, helduen danborradako taldeetara idatzia bidali dute

Udaleko Parekidetasun Batzordetik, helduen danborradako taldeetara idatzia bidali dute "danborradan emakumeen parte-hartzearen alde egiteko" eskatuz.

Udaleko Parekidetasun Batzordetik taldeetara bidalitako idatzian adierazten denez, oraindik ere badira emakumeak danborra jotzen irteteko "oztopoak" jartzen dituzten elkarteak, "urte askotan Azpeitiko talde ugaritan emakumeek danborra jotzen ateratzeko aukerarik ez dute izan. Gaur egun, eta talde batzuetan lehenengo aldiz, emakumeek danborra jotzen ateratzeko aukera izan dutela ikusi dugu. Hala ere, eta gutxi badira ere, oraindik badira beraien taldean emakumeek danborra jotzen ateratzeko oztopoak jartzen dituzten elkarteak".

Horren harira, 2005eko otsailaren 18an onartutako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen 25. artikulua ekarri du gogora Udalak, gogoraraziz Azpeitiko danborrada ekitaldi publikoa dela, eta emakumeei danborra jotzen irteteko eskubidea "bermatzea elkartearen betebeharra dela".

Emakumerik ez taldean

San Sebastian bezperako helduen danborradan 22 talde ateratzen dira, gastadoreena kontuan hartuta. Ia guztietan ateratzen dira emakumeak danborra jotzen, baina badira oraindik ere emakumezko danbor-jotzailerik ez dutenak.

Zezenzaleen taldean ez da emakumerik ateratzen, baina erabakita daukate "inolako eragozpenik" ez dietela jarriko horretarako. "Iaz bilera egin genuen eta emakumeei danborra jotzen irteteko eragozpenik ez geniela jarriko erabaki genuen. Guk gustura hartuko genituzke taldean, baina inor ez da prest azaldu irteteko", dio Joserra LarraƱagak, Zezenzaleak taldeko zuzendariak.

Ardozaleetan ere ez da emakume danbor-jotzailerik irteten. "Elkarteko batzordeak hartu behar du erabaki hori, baina orain arte inor ez da azaldu batzordean bertan irtetea nahi duela azaldu", dio Jose Ignacio Arregik, Ardozaleak Elkarteko batzordeko kideak.