Historia zatiak egutegi bihurtuz

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 14a, 13:01
Goiko argazkian, IƱaki eta Antton Martinez anaiak, Martinez inprimategiak argitaratu dituen hainbat egutegi eskuetan dituztela. Behekoan, aurtengo egutegia.

.21 urte bete dira Martinez Inprimategia egutegiak egiten eta bezeroen artean banatzen hasi zenetik

Ordutik, urtero Azpeitiaren historiarekin eta inguruarekin lotutako 21 gai islatu dituzte irudien bidez

Azpeitiko Martinez Inprimategiak egutegiak banatzen ditu urtero bezeroen artean. Lana menderatzen dutenez, eurek diseinatzen eta argitaratzen dituzte egutegiak. Baina ez dira konformatzen enpresaren irudia edo logotipoa egutegien bidez zabaltzearekin; zerbait berezia bilatzen dute urtero bezeroei eskerrak emateko.

1987tik, urtero egutegi ezberdina kaleratu dute Martinezekoek. "Gaia aukeratzea da errazena, gero lanak ematen dituena argazkiak aurkitzea da", dio Antton Martinezek.

Izan ere, gairik errepikatu gabe eta beti ere Azpeitiarekin lotutako materiaren bat aukeratuta, hasierako ideia borobiltzen saiatzen dira enpresan.

Denetariko gaiak

Pasa diren 21 urteetan, era guztietako gaiak jorratu ditu inprimategiko egutegiak. Besteak beste, kirolak, festak, herriko txokoak, mendiak, errekak, lanbideak, garraioak, musika eta dantza islatu dituzte 1989tik 20008a bitartean.

"Batzuetan ikuspegi orokorrak sartu izan ditugu, eta bestetan, berriz, argazki askorekin osatutako kartelak", azaldu dute.

.1854 urtean sortutako enpresak 150 urte bete zituenean, inprimategiaren lehen egoitza zegoen kalearen (Bustinzuriko Errebalaren) argazkia jarri zuten irudi nagusi bezala.

Aurtengo egutegirako, berriz, Loiolan San Jose festetan egin ohi den asto lasterketen argazkiekin egin dute muntaia.

Gero eta ale gehiago

Egutegia kaleratzen hasi zirenean, 1987an, 400 ale inguru banatu zituzten bezeroen artean. Aurten, mila ale ingurura iritsi dira. Horietako batek bere tokia hartu du gordeta dauden beste aleekin batera.