Eliz kalean, behean ibiliko dute zezena

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 14a, 12:01
Alberdi etxearen ondoko pasoa itxi egingo dute sokamuturrerako.

Udalekoek eta sokamutilek elkarrekin adostu eta sokamuturrerako hainbat neurri hartuko dute

Herriko plazan, Alberdineko etxearen ondotik Zelai Luze alderako pasoa itxi egingo dute; Hartzubian, obrak direla-eta, estratarako pasoa itxiko dute

Sansebastianak gertu dira, astebete besterik ez da falta danbor hotsen kalejirak hasteko. Era berean, urteko lehen sokamuturren txanda ere izango da San Sebastian Egunean. Hori dela eta, Udalak hainbat kontu argitu du, eta ohar batzuk ere eman ditu. "Sokamutilekin- eta bildu da Udala eta sokamuturraren inguruan zer hobekuntza egin daitezkeen aztertu du; besteak beste, hainbat gauza adostu dugu", azaldu du Xanet Esnaola alkateordeak.

Herriko plazan, Alberdineko etxearen ondotik Zelai Luze alderako pasoa itxi egingo dute sokamuturraren garaian. "Bertan ibaia dago, eta ibairako petrilak ez dauka altuera handia. Sokamuturrean zezena atzetik dela eta erioan ibaira eroritzeko arriskua dago. Zerbait larria gertatu aurretik, paso hori ixtea erabaki dugu".

Hartzubian hesi berria

Hartzubian, Miserikordi edota San Martin egoitzaren aurrean zezena dagoenean, estratarako pasoa itxita egongo da. "Garai batean estrata sokamuturrerako irekita egoten zen, baina orain obrak egiten ari direla-eta ez dago egoera onean. Baldintzak ez direlako onak itxita egongo da, aurten behintzat", diote Udaleko arduradunek. Bestalde, egoitzaren aurrean egurrezko hesiak jarriko dituzte, Azillarriko aldapa parera arte. Zuhaitzak hesiaren barrutik geldituko direla azaldu dute.

Eliz kalean, lur azpiko azpiegiturak berritzen eta lur zorua berriajartzeko obrak egiten ari dira. Horregatik, kalearen goiko aldetik zezena pasatuko da, baina han ez dute lotuko. Behean bai, ordea. "Sansebastianetarako, lurrean harria Uztarriko kantoiraino jarriko dute eta kalearen beste zati guztia berdinduta utziko dute, danborrada eta zezena handik pasatzeko moduan", diote Udaletik.

Eliz kalearen beheko zatiko argolla mendizaleen tabernaren ondoan dago. "Hor zezena lotuz gero, goiko Erdi kalerako kantoiraino heltzen da; beraz, zati hori ahalik eta baldintzarik onenean jarriko da".

Enparan kalearen barrenean

Enparan kalearen barrenean ere hirigintzako obrak egiten ari dira eta bi etxe zahar eraitsi dituzte berriak egiteko. Baina lan horiek ez diote eragingo sokamuturrari, eta bestetan bezalaxe ibiliko da kale horretan. "Enparan kalearen barreneko lanetan burdinezko hesia jarrita dago, arina da eta zezenak altxa dezake; beraz, egurrezko oholekin itxiko dugu eremu hori", azaldu dute.