Oinezkoak babesteko aparkalekuak berrantolatu dituzte Soreasun

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 9a, 10:01
Espaloi gainean ez aparkatzeko piboteak jarri dituzte.

Perez Arregi plazatik Soreasu artean, alde bakarrean bakarrik utzi daiteke autoa

Espaloian oinezkoeantzako behar bezalako tokia bermatzeko piboteak jarri ditu Udalak

Perez Arregi plazatik Soreasu auzora bitartean autoen aparkalekuen antolaketa berritu du Udalak, oinezkoentzako pasabidea edota espaloia babesteko eta oinezkoentzako pasoa "bermatzeko". Errepidearen alde batean bakarrik utzi daiteke autoa: "Dendak edota espaloia dagoen aldera autoak aparkatu daitezke, baina ibai aldera ezingo da autorik utzi. Bi aldeetan aparkatuz gero, errepidean ez da gelditzen autoak pasatzeko tokirik".

Behin-behineko eta "urgentziaz" hartutako neurria dela azaldu du Udalak: "Bide hori berritu eta konpondu beharrean dago, baina hori Soreasu bukatzen denean egingo da. Baina, bien bitartean, oinezkoek behar bezalako pasoa edukitzeko neurri bat hartu beharra zegoen".

Espaloia libre

Lehen errepidearen bi aldeetan aparkatzen ziren autoak, baina alde batean espaloiaren gainera igota uzten ziren, bestela autoentzako biderik ez zelako gelditzen. Era horretan, ordea, oinezkoentzako pasoa estu-estua gelditzen zen, eta umekotxearekin edota gurpildun-aulkiarekin pasatzeko tokirik ez zen egoten. Espaloian oinezkoentzako behar bezalako tokia bermatzeko piboteak jarri ditu Udalak. Horrela autoekin espaloirik ezingo da hartu. Era berean, ibai aldera aparkatzeko tokia kendu egingo du, bestela errepidean autoak pasatzeko tokirik ez delako egongo.

Espaloi aldean jada jarri dituzte piboteak, eta orain ibai aldean jartzea falta zaie.