Ardozaleak-en ordez, Udalak hartu du kaldereroak antolatzeko ardura

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 9a, 10:01
Ardozaleak elkartekoak iaz kaldererotan irten zirenean.

Kaldereroak antolatzen zituen Ardozaleak Elkarteko batzordeak errelebo eta denbora faltagatik laga du

.1993. urtetik iaz arte elkarte horrek antolatu izan ditu Kaldereroak

Ohi bezala, inauterien aurrekoa da aurten kaldereroen asteburua, baita sansebastianen ondorengoa ere; hilaren 26a, alegia. Aurten, ordea, ez du Ardozaleak Elkarteak antolatuko, Udaleko Festa Batzordeak hartuko du lan hori. "Iaz erabaki zuten Ardozaleak Elkartekoek kaldereroak gehiago ez antolatzea eta aurten Udaleko Festa Batzordetik antolatuko dugu", dio Mikel Ibarzabalek, Udaleko Festa batzordeburuak.

.1993 urtetik iaz arte Ardozaleak Elkarteak antolatu izan ditu Kaldereroak, haiek diotenez "kasualitatez". Baina ordutik antolatzen jardun duen batzordeko kideak ez dira aldatu, ez da jende berririk sartu. Erreleborik ez dute izan. alegia. "Guk, geure lanaz gain, kaldereroak antolatzen genituen eta horrek denbora kentzen du. Estanis Aizpuruak zuen ardura nagusia eta bera lanpetuta izaten da. Denborarik gabe genbiltzan eta, gainera, jende berririk ez da sartu batzordean; beraz, kaldereroak antolatzeari uztea erabaki genuen", dio Juan Ignacio Arregik, Ardozaleak Elkarteko kideak.

Ardozaleak 1995ean omenaldiak egiten hasi ziren: "Hungariako Kalderero Elkartea sortu eta elkartearen ohorezko kideak izendatzea erabaki genuen". Kaldereroek aurrena omendu zituztenak sokamutilak izan ziren. Ordutik urtero-urtero egin dituzte omenaldiak. Iaz, Jose Luis Frantzesenak, orduan Udal Musika Bandako zuzendaria zenak, eta Azpeitiko erretore Kepa Susperregik jaso zuten omenaldia. Urtero kaldererotan irten aurretik Ardozaleak Elkartean bertan egiten zen afarian egin izan dituzte omenaldiak.

Aurten omenaldirik ez

Aurten, ordea, omenaldirik ez dute egingo kaldererotan. Udaleko Festa batzordeburu Mikel Ibarzabalen esanetan, "kaldereroen kalejira-eta antolatuko ditugu, baina aurtengo honetan behintzat ez dugu egingo". Dena den, ohi bezala, Gazteriako Batzordeak ere gaztelekuaren eta ludoteken bidez parte hartuko du kaldereroak antolatzen eta kalejiran.

Behin San Sebastian jaiak pasatzen direnean, danbor hotsak alde batera utzi eta kaldereroetarako entseguak antolatuko dituzte Udaleko Festa Batzordekoek. Izan ere, aurten gain-gainean dira bi festak.