Udalak aho batez onartu du Euskal Herriko selekzioaren aldeko mozioa

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 28a, 19:12

EAE-ANV, EA, Aralar eta EAJk egin dute ESAITen eskaeraren alde

Udalak herritarrei dei egin die larunbatean ESAITek Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartzera

Atzo (osteguna) udalbatzarrean ESAITek Euskal Herriko selekzioaren alde aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten EAE-ANV, EA, Aralar eta EAJk —alderdi denek—, eta bihar Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu du Udalak.

ESAITen mozioak bost puntu zehazten ditu eta horiek guztiak onartu ditu Udalak udalbatzarrean. Aurreneko puntuan esaten denez, "Euskal Herria nazioa den heinean, Euskal herriko kirolariek, beren nazioaren koloreekin euskal selekzioa ordezkatuz, nazioarteko txapelketetan parte hartzeko eskubidea dute". Eta eskubide horren ukazioa "arbuiatu" egin du Udalbatzak, "Euskal Herria ordezkatuz ofizialki leihatzea ukatzen zaielako, eta bestetik, euskal herritarrok nazioartean gure ordezkaritza izateko dugun eskubidea urratzen duelako". Bestalde, "euskal herritarren eskubide kolektibo eta indibidualen urraketa arbuiatu du".

Hara joateko, autobusak antolatu eta ondorengo Euskal Herria-Katalunia lagunarteko futbol partidarako sarrerak ere saltzen jarri ditu.

Autobuserako txartelak eta partidarako sarrerak igerilekuan, kiroldegian eta Etxe Zuri tabernan eskura daitezke. Autobusak 16:00etan aterako dira anbulatorio aurretik eta Azpeitirako itzulerako ordua 23:00etan izango dute.

Manifestazioa 17:30ean izango da eta partida 20:30ean, San Mamesen. Autobusa bakarrik, haur eta langabetuek 3 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek 5 euro. Autobusa eta partidako sarrera gazte eta langabetuek 20 euro eta gainontzekoek 22 euro.