Jose Antonio Zulaika: "Edozeinek parte hartu dezake San Silbestre lasterketan, prestatu gabe ere egin daiteke"

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 28a, 13:12

Kirolaren festa eta eskualdeko lasterkarien hitzordu garrantzitsua bihurtu da Azpeitiko San Silbestre lasterketa; hilaren 31n izango da

Urte hauetan aldaketa nabarmenena emakumeen parte hartzeak izan duela dio

Jose Antonio Zulaika (Azkoitia, 1960) Azpeitiko San Silbestrea antolatzen duen Xeye Atletismo Taldeko kide da eta lasterketaren nondik norakoak argitu ditu.

Zerk egiten du berezi San Silbestre lasterketa?

Hasi ginenean urte bukaerako festa bat egitea nahi genuen, urte osoan zehar korrika egiten zuen jendea elkartzeko. Gipuzkoan zehar barreiatuta ibiltzen ginen San Silbestre eguneko lasterketetan parte hartzen (Ordizian, Bergaran, Donostian...) eta bertako taldea izanda, lasterketa bertan antolatzea erabaki genuen 2001 urtean.

Aldaketarik nabaritu al duzu proba antolatzen hasi zinetenetik?

Dezente aldatu da zazpi urtean. Ibilbideari begira, behin bakarrik aldatu dugu, 8,3 kilometrotik 10era pasatuz. Baina lasterketa herrikoiago bat egiteagatik berriro moztu genuen distantzia, jendea beldurtu egin baitzen. Horregatik, Diego Garzia zirkuitua egiten jarraitu dugu. Parte-hartze aldetik, lehendabiziko urtean 500 inguru izan ziren, eta iaz, berriz, umeen lasterketak kontuan hartuta, ia mila lagunek parte hartu zuten. Aldaketarik handiena, baina, emakumeen parte-hartzeak izan du. Ehunekoa asko igo da eta aurten ere igoko dela espero dugu. Azkoitian eta Azpeitian neska asko aritzen da lasterkan; batzuk lehiatzera ateratzen dira, baina beste asko lagunartean ondo pasatzera irteten dira.

Lasterketa herrikoia izatearen aldeko apustua egin du Xeyek, beraz.

Batzuk urteko martxari eutsi eta lehiatzeko beste aukera bat bezala ikusten dute, eta beste askok urtea ondo bukatzeko parte hartzen dute; guk kirol festa izatea nahi dugu. Edozeinek parte hartu dezake, prestatu gabe egin daitekelako.

Nobedaderik izango al da?

Plazan asteroko azoka egongo dela-eta Olazko Amaren Plazaren inguruan jarriko dugu irteera eta helmuga. Sarietan ere izango da nobedaderik. Lehen, aurreneko hiru gizonezkoei eta emakumezkoei ematen genizkien sariak. Aurten, sariak herrikoiagoak izatea ere nahi dugu eta, horregatik, sailkatzen diren lehen hamarrei banatuko dizkiegu dirusariak.

Opari asko izango al da aurten?

Zozketak ere egingo ditugu bukaeran, urtero bezalaxe. Guztira, 300 parte-hartzailek sariren bat jasotzeko aukera izango dute aurten.