"Publizitate sexista" salatu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 27a, 14:12

Etxez etxe, Publizitate sexistarik ez dioten pegatinak banatuko dituzte Azpeitiko Bilgune Feministakoek

Emakumeak errespetatu eta era duin batean tratatzen dituen publizitatea "exijitu eta lortu" behar dela diote

"Publizista sexistaren" aurka egiteko kanpaina hasi du Azpeitiko Bilgune Feministak. "Publizitatearen erasoak egunero jasan behar ditugu, baina egoera hau Gabonen inguruan areagotu egiten da. Izan ere, herriko kaleetan, egunkarietan, telebistetan egunerokoan aurkitzen dugun publizitateak, gure duintasuna kolpatzen du zuzen-zuzenean", diote. Kanpainaren baitan etxez etxe, postontzietan, publizitate sexista ez dela onartzen dioten pegatinak banatuko dituzte.

Publizitateak emakumea "objektu soil" bihurtzen duela salatu dute: "Historikoki sistema honek inposatu dizkigun rol eta eginkizunen mezuak bidaltzen ditu, eta izan beharko ginatekeen emakume eredu konkretua inposatzen digu". Besteak beste, "noizko emakumeon duintasuna errespetatuko duen publizitatea?" galdetzen dute Bilgunekoek. Horregatik, emakumeak errespetatu eta era duin batean tratatzen dituen publizitatea "exijitu eta lortu" behar dela diote, "emakumeoi geure estetika edo atera berri den azkenengo garbigailua baina askoz gauza gehiago interesatzen zaigulako". Orain abiatu dute kanpaina, baina urtean zehar jarraitzeko asmoarekin eta "jendartea kontzientziatu eta publizitate sexista ez onartzeko helburuarekin".

Publizitate sexistarik ez pegatinak banatzearekin batera, publizitate sexistaren inguruko erakusketa bat ere jarri dute. Erakusketa udaletxe azpian ipiniko dute hilaren 29a bitartean. Gaur eta bihar arratsaldez egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Larunbatean, berriz, goizez irekiko dute, 11:00etatik 13:00etara.