Euskal Presoak Euskal Herrira Azpeitiko Topaguneak dispertsioarekin bukatu behar dela dio

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 26a, 17:12

Unai Gonzalez presoaren amaginarreba "dispertsioak erail duela" salatu dute

Senide eta lagunei zigor erantsirik ez lelopean gaur (Abenduak 26) manifestazioa deitu dute, 19:30ean, plazatik irtenda

Ostegun honetan elkarrizketa digitala uztarria.com-en

Euskal Presoak Euskal Herrira Azpeitiko Topaguneak dispertsioarekin bukatu behar dela aldarrikatu du, eta gaur (Abenduak 26) Senide eta lagunei zigor erantsirik ez! lelopean manifestaziora deitu du, 19:30ean, herriko plazatik irtenda. "Beste istripu bat, aurreikusitako istripu bat gertatu da. Unai Gonzalez euskal preso politikoaren senideek izan zutena eta ondorio larriak utzi dituena, familia bat suntsituz, Natividad Junkoren bizitza aurretik emanez. Gabonetan etxean izango ez zutenez, senideari bisita egitera zihoazen, 40 minutuz harekin egotera eta danba istripua. Neska laguna zaurituta eta amaginarreba hil ala bizi borrokan egon ostean hil egin da", azaldu dute Topagunekoek.

"Espainiako eta Frantziako estatuak diseinatutako espetxe politikak erail" dutela salatu dute, "dispertsioak erail du eta martxa honetan ez da azkena". Topaguneak gogora ekarri du 700 baino preso gehiago direla Espainiako eta Frantziako kartzeletan sakabanatuta daudenak, "haien zigorra senideei eta lagunei erantsi nahi diete espetxe politika dispertsioz, bakartzez eta urrunduz hornitzen dutenek, eta nola ez politika honekin amaitzeko urratsik eman nahi ez dutenek".

Euskal preso politikoak "eskubide guztien jabe etxean eta bizirik" nahi dituztela diote, "baina baita haien lagun eta senideak ere". Horretarako dispertsioarekin bukatu behar dela aldarrikatuko dute ostiralean (Abenduak 28) ere, maindire ilaran, bariantean, 19:00etan "herritarrok senideekin bat egin eta gure beroa emanez, guztion konpromisoa kalera atera eta espetxe politika hiltzailearekin bukatzeko exijituko dugu".