Mende bat atzerago begiratzeko aukera bertsoen bidez

Uztarria.eus 2007ko abe. 21a, 13:12
Argazkian, 'Urolaldeko bertso zaharrak' zintaren egileetako batzuk, bertsolariak, Udaleko ordezkariak, eta Erniarraitzeko eta Uztarriako kideak.

Uztarriak eta Erniarraitzek ‘Urolaldeko bertso zaharrak’ bilduma berrargitaratu dute, CDan orain

Azpeitiko Institutuko talde batek atera zuen lana, duela 25 urte

CDa entzungai uztarria.com-en

Azpeitiko Institutuko talde batek orain dela 25 urte —1982an—, Urolaldeko bertso zaharrak izeneko zinta bikoitza kaleratu zuen, Urolaldeko Euskal Eskolaren alde —geroko AEKren alde—. Ekimenaren zilarrezko ezteia gogoratzeko, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak eta Uztarria Kultur Koordinakundeak berriz ere argitaratu dute lana; CD batean oraingoan. Gaur (ostirala) goizean aurkeztu dute, Aitonena I-en. Jende asko bildu da.

Uztarriak “balio kulturala” eman nahi dio lan honi. “Lan garrantzitsua egin zuten orain dela mende laurden bat, eta hura jasotzea eta zabaltzea nahi izan dugu, Erniarraitzekin batera”, esan du Enekoitz Esnaola Uztarriaren kideak.

Bertso horiek “mende bat atzerago begiratzeko aukera” ematen dutela adierazi du Laxaro Azkune Erniarraitzeko kideak, eta merezi zuela berriro argitaratzea.

Bere hamabigarren produktua du Uztarriak Urolaldeko bertso zaharrak.

CDari buruzko xehetasunak

Lana. Urolaldeko bertso zaharrak bilduma. 1982an Azpeitiko Institutuko talde batek egindako lanaren berrargitalpena da, CD formatoan orain.
Bertso sortak. 28.
- 1. Menditar baten kantua (bertsoen egilea: Karmelo Etxegarai).
- 2. Matxinbentako itsua (Jose Mari Lasa).
- 3. Erretira txarrak (Jose Manuel Soraluze Muno eta Diego Soraluze Otsolarre).
- 4. Itziarko mutilzaharrak (Jose Antonio Sorazu Zubeltzu).
- 5. Erbi ehiztariak (Diego Soraluze Otsolarre). Muno Urbiko zelaian.
- 6. Semea txapeldun (Joan Mari Atano).
- 7. Kortazareta Uztarri Zizurkilen.
- 8. Pareta arrua (Joan Mari Atano eta Jose Ignazio Odriozola Sokin).
- 9. Santa Ageda bezperan (Jose Antonio Sorazu Zubeltzu).
- 10. Heriotzako orduan (Jose Ignazio Odriozola Sokin).
- 11. Otsolarre Martitteko bentan.
- 12. Santa Eskean (Eusebio Eizmendi Txapel).
- 13. Bertso berriak Estrada-k Burgosen jarriak kintoen bizitzari (Jose Mari Lete Arrizabalaga).
- 14. Frantzisko Franco degu (Akilino Izagirre Amenabar Zepai).
- 15. Utziazute pakian (Eusebio Eizmendi Txapel).
- 16. Nik banuen anai bat (Akilino Izagirre Amenabar Zepai).
- 17. Basurdearen bertsoak (Lorenzo Garate).
- 18. Baserritarra zer dan (Joan Manuel Lizarralde Urkiolegi).
- 19. Elizaldetar Frantzisko Mari (Frantzisko Mari Iturzaeta Elizalde edo Koostite).
- 20. Nere ofiziua (Joan Mari Zubizarreta Etxeberritxo).
- 21. Azkoitiko langileen huelga (Joan Manuel Lizarralde Urkiolegi).
- 22. Gosetea (Frantzisko Mari Iturzaeta Elizalde edo Koostite).
- 23. Gure herriko festak (Jose Mari Atano); Lizaso-Iturzaeta.
- 24. Fruta politak (Eusebio Eizmendi Txapel).
- 25. Hamaika aldiz (Eusebio Eizmendi Txapel).
- 26. Gaztaia merke al dago? (Akilino Izagirre Amenabar Zepai).
- 27. Bertso berriak Azpeitiko Urkamendiaren gainean jarriak (Joan Mari Zubizarreta Etxeberritxo).
- 28. Bost bertsolari (Jose Antonio Sorazu Zubeltzu).
CDaren iraupena. Ordubete pasatxo (68 minutu eta 10 segundo).
Musikariak hauek izan ziren 1982an. Iñaxio Tolosa, Anton Elosua, Agustin Madrazo, Pello Larrañaga, Pako Aristi eta Mari Jose Bikendi.
Kantariak hauek. Jesus Alberdi Egileor, Trino Azkoitia, Marian Larrea, Xabier Saldias, Alberto Frantzesena, Gonzalo Pelaez eta Imanol Urbieta.
Konponketak. Pako Aristik egin zituen.
Liburuxka. Iñigo Aranbarrik.
Egileak. Joanes Etxeberri eta Urolaldeko euskal eskolak.

2007
Berrargitaratzaileak. Erniarraitz Bertsozale Elkartea eta Uztarria Kultur Koordinakundea.
Tirada. 1.500 ale.
Banaketa. Uztarriaren bazkideei eta Erniarraitzen kideei.
CDa entzungai uztarria.com-en. Urolaldeko bertso zaharrak CDa uztarria.com-en sartuta dago dagoeneko, hemen. CDko kanta denak entzun daitezke, eta testuak ere badaude (bertsolarien ezaugarriak, bertsoak…).
CDaz erreportajea Uztarria aldizkarian. Uztarria herri aldizkariak gaiaz 2007ko abenduan egindako erreportajea, hemen.

Laxaro Azkune (Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kidea)

“Duela 25 urte, historian ezagutzen ziren bailarako (Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Itziar, Matxinbenta...) garai bateko bertsolarien bat-bateko nahiz bertso jarriak bildu eta aukeratu zituzten. Ederregia iruditu izan zaigu kajoian gordeta edukitzeko, merezi du jendearengana helarazteko beste ahalegin batek.

Mende bat atzerago begiratzeko aukera ematen digu, zer nola bizi ziren, zer lan egiten zuten, zer borroka (baserri-kale, nagusi-langile...) izan ziren. Ohiturak, baserritarren bizitzak, gosea, heriotza zigorra... xehetasun osoz kontatuak daude.

Sorta hau, Txapel eta Zepairekin amaitzen da, eta aberastu zitekeen jakina, geroago izan diren eta oraindik bizirik dauden bertsolari bikainekin. Bada geroztik ere bertso eder askorik, bailara honetan jaio edo bizi diren bertsolariek kantatuta, bai bat-batean eta baita bertso jarrien bidez ere. Badago materialik asko; aukeratu eta grabatzeko lanak hartuko dituen jendea behar da”.

Pako Aristi (Azpeitiko Institutuko ikaslea 1982an)

“Egia esan, asko poztu nintzen Urolaldeko bertso zaharrak jasotzen zituen zinta berrargitaratzeko asmoa azaldu zidatenean. Oraindik, harritu egiten naiz zinta hura egitea nola lortu genuen. Batetik, orain horren beharrezkoak bihurtu zaizkigun mugikorrik ez zeuden garai hartan, eta hainbeste jende gure inguruan biltzea ez dakit nola lortu genuen. Bestetik, grabazio teknika ere asko aldatu da garai haietatik. Orain, oso erraza da grabazio bat burutzea. Lehen, kanta grabatzen hasi eta akatsen bat eginez gero, atzera berriz ere hasieratik hasi behar izaten genuen. Kontua da zinta egin egin genuela eta horrek balio du gaur egun, gauzak egin eta eginez ikasteak.

Horretaz gain, aipatuko nuke genuen askatasuna gure munduan. Bertsoen mundua nahikoa ortodoxoa zen garai haietan, emakumeak apenas entzuten ziren bertsotan, eta bertsoak, oro har, huts-hutsik grabatzen ziren, musikarik gabe. Guk piano bat eta neska bat jarri genituen bertsotan; neskaren ahotsa eta pianoa biak uztartuta politak gelditzen zirelako, guri horrela gustatzen zitzaigulako. Bertsolaritzaren munduan berrikuntza izan zen hori.

Lan honetaz, Federiko Aranbarriren eta Iñaki Azkuneren lana goraipatuko nituzke. Aranbarri izan zen bertso bilketa hura egin zuena, betiere Iñaki Azkunek lagunduta. Azkune, berriz, lan haren zerebroa izan zen: hura izan zen martxan jarri gintuena, baliabideak jartzen zituena...

Aitortu behar dut Urolaldeko bertso berrien falta somatzen dudala. Azpeitian sekulako harrobia dago bertsolaritzan, eta musikariak ere orduan baino askoz gehiago daude. Proposamena eginda geratzen da”.

Uztarria Kultur Koordinakundearen produktuak

Urolaldeko bertso zaharrak CDan bere hamabigarren produktua izan arren, Uztarria ez da argitaletxea, kultur koordinakundea baizik, Esnaolak gogorarazi nahi izan duenez. “1998an sortu genuen Uztarria, eta euskara, komunikazioa eta kultura dira elkartearen ardatzak. Komunikazioaren arloan, tresna komunikatiboak sortzea eta garatzea da gure eginbehar nagusia. Hala, Uztarria aldizkaria eta uztarria.com webgunea ditu, eta Urola Kostako Hitza egunkariko sortzaileetakoak eta bazkide gara”.

Uztarria liburuak-eta ateratzen ere hasi zen, ordea, “betiere ardatz horiekin lotutako lanak argitaratzeko eta hutsuneak bete nahian, eta, esan bezala, hamabigarrena da hau”.

Liburuak
Joxe Takolo (biografia). Enekoitz Esnaola, 2001.
Angel Otaegi (biografia). Iban Arregi, 2001.
Imanol Elias (biografia). Mailo Oiarzabal, 2002.
Patxi Altuna (biografia). Josune Etxeberria, 2003.
Azpeitiko efemerideak. Imanol Elias, 2003.
Azpeitiko mendi gida. Lagun Onak Mendi Bazkuna eta Uztarria, 2004.
Euskarazko prentsa eta Azpeitia. Uztarria, 2004.
Loiolarik ez balitz. Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi, 2005.
Otsobeltz (komikia). Andoni Salegi, 2005.
Urrestillako musika taldeak. Asier Sustaeta, 2006.
Azpeitiarrak Espainiako Gerran. Amaia Mendizabal, 2006.

CDa
Urolaldeko bertso zaharrak. Erniarraitz Bertsozale Elkartea eta Uztarria, 2007.


Uztarriak eta Erniarraitzek eskerrak eman dizkiote duela 25 urteko talde hari, lan hura egiteagatik, eta CDa ateratzen uzteagatik. Orduan lana argitaratzeko IZ estudioa erabili zuten, eta honek ere ez du eragozpenik ipini orain. Aitor Bengoetxeari ere eskerrak eman dizkiote, aurreko grabazioa garbitzeko eta egokitzeko lan teknikoa egin duelako. Josu Azpillagari, kantak uztarria.com-en entzungai jartzeagatik. Eregi Komunikazio enpresari ere bai, CDaren liburuxkaren diseinu eta maketazio lanak egiteagatik. Azpeitiko Udalari, berriz, CD hau ere diruz laguntzeagatik. Eta Uztarriako bazkideei, urtero beraien ekarpen ekonomikoa egiteagatik eta, beraz, hau bezalako produktua argitaratzen laguntzeagatik.