Santotomasetako feria, txorixoa eta ogia

Uztarria.eus 2007ko abe. 19a, 11:12

Denera zortzi postu izango dira plazan; aurten, lehen aldiz, edalontzi berreralbilgarriak jarriko dituzte

Abenduak 20an festei hasiera emanez, Txapelen omenezko jaialdia egingo da

Aurten ere iritsi da Santo Tomas eguna eta ekitaldiz gainezka dator. Ostiralean, hilak 21, ospatuko dira ohi bezala santotomasak eta goizean goizetik hasita txorixoa eta taloa dastatzeko aukera izango da herriko plazan. Denera, zortzi postu izango dira eta aurten, lehen aliz, edalontzi berreralbigarriak jarriko dituzte euro baten truke. Gero, edalontzia bueltatuz gero, euro hori berreskuratzeko aukera izango da.

Herri kirolak, ttuntturroak, azoka, trikitilariak... eta abar izango dira egun guztian zehar herriko kaleetan. Postuak berriz, Mikelats AEK, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Urola Ikastola, Zaparraie, Aitonena, Itsasi, Iraurgi eta Presoen aldekoak izango dira.

Dantza sueltoko txapelketa

Santo Tomas egunean, beste ekitaldiez gain, Dantza Sueltoko Txapelketa izango da. Bertan txikiak eta nagusiak lehiatuko dira, hamabost bikote txikietan eta hamar bikote nagusietan. Luis Alberdi antolatzaileak esan duenez berrikuntzak izango ditu . " Txistua eta soinua tartekatuko ditugu, eta guztira bost arin arin eta bost fandango joko dituzte musikariek". Azpeitian dantza sueltorako afizio handia dagoela irizten dio dantza irakasleak."Bikote azpeitiarrez gainezka daude txapelketak, Azpeitiar dantzariek parte hartuko ez balute, galtzear egongo lirateke zenbait txapelketa".

Txapelketa, Azpeitiko plazan izango da arratsaldeko 18:00tan.

Txapelen omenezko jaialdia

Santo Tomas bezperan eta jada festa giroan sartzeko, Txapelen omenezko jaialdia egingo da. Bertan, hainbat bertsolari ezagunek hartuko dute parte eta Haritz Egaña Ministro izango da gai jartzaile lanetan. Jaialdi hau, gaueko 22:30ean izango da Betharramdarreko aretoan.

Santo Tomas eguneko egitaraua:

  • 10:00: Izarraitz Txistularien diana.
  • 10:30: Frontoi Txikin eskuzko pilota partida.
  • 11:00: Udal Musika Banda eta Elciegoko Gaiteroak ibiliko dira kaleetan zehar. Urolalde bertso zaharrak CD-aren aurkezpena Aitonena I-en.
  • 11:30: Itsasiko Ttuntturroen eta Musika Eskolako soinujoleen kalejira.
  • 12:00: XXV. Antzerki Topaketatako sari banaketa Azpeitiko Udazkeneko azoka berezia.
  • 12:30: Aizkolariak, harrijasotzaile jaialdia eta bertsolariak.

Aizkolariak:

Nazabal Euskal Herriko txapelduna, Otaño txapeldunordea. Lana:enbor bana nork kolpe gutxiagotan ebaki.

Harrijasotzaileak:

Aimar Irigoien (175 eko zilindroarekin, 2 minutu marka ahalegina. Goenatxo II.a (200 ko errektagularrarekin).

Aizkolariak:

Nazabal, Otaño. Lana: enbor bana nork lehenago ebaki.

Harrijasotzaileak:

Goenatxo II.a (138ko kubikoarekin).

Aizkolariak:

Otaño, Nazabal. Lana: 8na enbor nork lehenago ebaki.

Harrijasotzaileak:

Aimar Irigoien, Goenatxo IIa. Lana: 100eko bolarekin agurra.

  • 16:30: Erraldoiak, buruhaundiak eta dultzainariak.
  • 17:00: Izarraitz Pilotalekuan pilota partiduak.
  • 18:00: Nahaidekena Txaranga eta Dantza Sueltoko Txapelketa.
  • 21:00-23:00: Trikitilariak: Saioa eta Alabier eta Laja eta Izer.