Maje Larrañagak kargua utzita, Aritz Odriozola da orain Mendi Elkarteko burua

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2007ko abe. 18a, 10:12

Joan den larunbatean 2007ko Batzar Nagusia egin zuten Lagun Onak Mendi Bazkunakoek

Aritz Odriozola, Lagun Onak Mendi Bazkunako presidentea.  Argazki originala

Larunbatean izan zen Lagun Onak Mendi Bazkunaren aurtengo Batzar Nagusia. Besteak beste, Elkarteko lehendakaria hautatu zuten mendizaleek. Izan ere, Maje Larrañagak lau urte eta gero kargua utzi egin du. Bere lekua Aritz Odriozolak hartu du.

Mendizaleek aurrena aurtengo ekitaldiak eta ibilaldiak nola joan diren azaldu zuten bazkideen aurrean eta, gero, datorren urterako antolatu dituztenak azaldu zituzten. "Horrez gain diru kontuen eta Elkartean egin diren berrikuntzen berri eman genuen", dio Aritz Odriozolak.

Batzarraren ondoren, bertso afaria izan zuten Mendizaleetan. 50 lagun inguru bildu ziren afaritan: "Afalostean bertso giro polita sortu zen. Tabernan zen afaria eta bertako batzuek bertsoak entzutera etorri ziren; bertsotan egitera animatu zenik ere izan zen".

2008ko egutegia prest

2008ko egutegia prestatuta dute Lagun Onak Mendi Elkartekoek. Lehen irteera Erlora egingo dute, Urteberri egunean. Bigarrena, berriz, urtarrilaren 27an egingo dute, Oñatiko Arrikrutz kobazulora. Bigarren ibilaldia haurrei eta gazteei zuzendutakoa da.

Aritz Odriozola: "Aurrera begira batzordekide berriak topatzea da Elkartearen apusturik handiena"

Maje Larrañagari lekukoa hartu dio Lagun Onak Mendi Elkartearen lehendakaritzan, lau urterako

Joan den larunbatean Lagun Onak Mendi Bazkunaren Batzar Nagusian Aritz Odriozola Mendia (Azpeitia, 1977) aukeratu zuten presidente posturako. Honek, Maje Larrañagari lekukoa hartuko dio. Elkartea ederki ezagutzen du Odriozolak, bai mendi elkarteak antolatutako ekitaldietan eta irteeran parte hartu duelako, bai Zuzendaritza Batzordean 2004 urtetik dagoelako.

Orain Mendi Elkarteko lehendakari aukeratu zaituzte. Nola hartu duzu kargua?

Lau urterako hartu dut lehendakari kargua eta Zuzendaritza Batzordean hamar lagunez osaturiko talde bikaina dugu lanerako.

Datorren urterako eta aurrera begira mendi elkartean zer lan egitea gustatuko litzaizuke?

Datorren urterako edo aurrera begira batzordekide berriak topatzea izango da elkartearen apusturik handiena. Belaunaldi berriei elkarteko ateak ireki nahi dizkiogu. Azken hamar urteetan elkartearen azpiegitura guztiak (aterpea, taberna eta lokalak) berritu diren bezala, batzordea ere berritzea da gure helburua. Denok ateak irekiak dituzue mendizaletasunaren inguruko edozer ekitaldi antolatzeko: ideiak, arazoak, gabeziak, ibilaldi berriak edo ekitaldi berriak. Herriari irekia dagoen elkarte bat da hau, borondatezko lanean oinarritutakoa, auzolanean, eta horretan sinesten jarraitzen dugu, sortu eta 60 urte ondoren ere.

Datorren urterako ibilaldiak edota ekitaldiak antolatzeko zer izan duzue kontuan?

Orain arte antolatu ditugun ekitaldiak antolatzen jarraituko dugu: ibilaldiak, ibilaldi neurtuak, mendi asteak, argazki rallyak... Eskalada txapelketa da berrikuntza moduan jarri duguna hurrengo urterako. Bazkideei ere aukera eman zaie ekitaldien antolaketan parte hartzeko.

Elkartearen egoitza berritu egin duzue eta bazkideentzako txoko bat ere jarri duzue. Bazkidea gerturatzeko egitasmoa al da hori?

Aurretik aipatu bezala, bazkideenganako harremana gertuagoakoa izatea nahi dugu. Gutxi gorabehera, 800 bazkide inguru ditugu eta horietatik ia 600 federatuta daude. Lagun Onak-eko azpiegiturak egoera onean prestatuta dauzkagu, eta ahalik eta eskaintza onena eman nahi diegu bazkideei. Liburutegia eta Wifi guneak prestatu ditugu bazkideentzat, eta mendiaren inguruko beste edozer zerbitzu edo ekitaldi antolatzeko ateak irekita ditugu.

Xoxoteko aterpezainek urtebete egin dute. Gustura al zaudete aterpekoekin?

Xoxoteko aterpezain berriekin gustura gaude. Urtebete egingo dute urtarrilean, ilusioz ikusten ditugu eta beste bi urtean behintzat hor izango ditugu. Ea herriko jende gehiago joaten den hara gauak pasatzera, aukera polita eskaintzen du-eta aterpeak, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat.

Lagun Onak Mendi bazkuneko presidenteak

  • 1946-49. Tomas Beobide.
  • 1950. Julian Arruti.
  • 1951. Joxe Alberdi.
  • 1952. Alberto Agirre.
  • 1953-54. Josu Agirre.
  • 1955-58. Miguel Arregi.
  • 1959. Luis Aranguren.
  • 1960-61. Patxi Arruti.
  • 1962-63. Joxe Mari Garate.
  • 1964-65. Miguel Azkune.
  • 1966. Luis Aizpuru.
  • 1967-68. Pako Larrañaga.
  • 1969-70. Joxe Arozena.
  • 1971. Joxe Luis Ruiz de Argandoña.
  • 1972-75. Kepa Ibarzabal.
  • 1976-77. Antton Gurrutxaga.
  • 1978-79. Luis Mari Etxeberria.
  • 1980-83. Iñaki Isasmendi.
  • 1984-85. Mikel Ibarzabal.
  • 1986-87. Inazio Orbegozo.
  • 1988-91. Jesus Rezabal.
  • 1992-95. I. Andoni Unanue.
  • 1996.... Angel Mari Etxeberria.
  • 1996.... Ander Uranga.
  • 2004-2007. Maje Larrañaga.
  • 2007.... Aritz Odriozola.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu