Urola Txirrindulari Eskolaren historia DVD eta liburuxka batean bilduta

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 17a, 10:12
Txirrindularitzako eskolen inguruan mahai-ingurua egin zuten txirrindulari profesionalean ibilitakoek eta dabiltzanek, larunbatean, Azpeitiko udaletxean.

Txirrindulari Eskolak 25 urte bete ditu aurten eta hori ospatzeko orain arte egindako ibilbidea jaso dute

Larunbatean aurkeztu zuten DVD-Liburua udaletxeko aretoan

Urola Txirrindulari Eskolak 25 urte bete ditu. Zilarrezko ezteiak ospatzeko, eskolaren orain arteko historia DVD eta liburuxka batean bildu dituzte Azkoitiko Peña Elorzak eta Azpeitiko Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak. Atzo aurkeztu zituzten Azpeitiko udaletxean.

Heriberto Sanchez Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko lehendakariaren esanetan, "Urola Txirrindulari Eskola Santi Lazkano zenaren ekimenez sortu zen. Txirrindularitza bultzatu nahi eta Eskola sortu zuen". Emaitzak eman dituela gogorarazi zuen Sanchezek, "txirrindulari onak atera dira bertatik, baita profesionalak ere".

Azken 12-13 urtean Txirrindularitza Eskolaren ardura Peña Elorzarena da: "Txirrindulari hasiberriak gurekin ibiltzen dira aurrena, eta gero Lagun Onak Txirrindulari Elkartera pasatzen dira. Mutil koskor piloa dabil orain ere, eta gustura gaude egiten dugun lanarekin. Ea hemendik aurrera ere bateren batek aurrera egiten duen", azaldu zuen Antton Oñederrak, Peña Elorza Txirrindulari Elkarteko lehendakariak.

DVDarekin batera banatuko dute liburuxka ere. 40 minutuko iraupena du DVDak eta oso-osorik argazkiekin osatu dute. "1981. urtetik gaur egunera arteko argazkien bilduma da". Hiru atalek osatzen dute: lehen atalean taldeak eta kide izandakoak azaltzen dira. Bigarrenean, berriz, eskola eta lasterketak lantzen dituzte. Eta hirugarrengoan, irabazitako lasterketak eta garaipenak jaso dituzte. Liburuxkan aldiz, eskolako kontuak jaso dituzte eta Santi Lazkanori atal berezi bat eskaini diote.

Eskolaren garrantzia

Behin aurkezpena bukatuta, txirrindulari eskolen inguruan mahai-ingurua egin zuten. Zuzentzen Arritxu Iribar kazetaria aritu zen eta hizketan jardun ziren Mireia Epelde, Joseba Zubeldia, Unai Osa, Andoni Aranaga eta Iñigo Etxaurre txirrindulariak. Guztiek txirrindulari eskolan ikasitakoak profesionaletan duen garrantzia nabarmendu zuten.

DVD-Liburua

DVD eta liburuxka. Urola Txirrindulari Eskola. 25. urteurrena.

Argitaratzailea. Lagun Onak Txirrindulari Elkartea (Azpeitia) eta Peña Elorza Txirrindulari Elkartea (Azkoitia).

Liburuxkaren egilea. Ane Aranburu.

DVDaren egilea. Aritz Arzallus.

Azala. Iñaki Martinez.

DVDan. 1981etik gaur egunera arteko argazkiak.

Liburuxkan. Sorrera, Santi Lazkano, eskolaren filosofia, kontu txikiak, profesionalak eta datuak.