Elosiagan Santa Luzia festa da

Urola Kostako Hitza eta Uztarria 2007ko abe. 12a, 11:12
Elosiaga auzoan ostegunean Santa Luzia Eguna ospatuko dute.

Elosiagako jaietarako antolatutako ekitaldiak aurten egun bakarrean bilduko dituzte, Santa Luzia Egunean

Zumarragako Santa Luzietara joan nahi dutenentzako, berriz, autobus eskaintza berezia eskainiko dute

Eskualdean askok jostunen eguna ospatuko dute ostegunean, etzi, Santa Luzia Egunean. Elosiagan, ordea, jaietako egun handia izango dute 10:00etatik hasi eta arratsaldeak aurrera egin bitartean. Aurten, gainera, Santa Luzia egunean bakarrik izango dira festetako ekitaldiak, baita herri kirolak ere.

Izan ere, aurreko urteetan herri kirol ekitaldiak asteburuan antolatu ohi izan dituzte, baina aurten ekitaldi guztiak bildu eta jai egun bakarra egitea erabaki dute Elosiagan.

Festei hasiera emateko suziriak bota eta auzoko baselizako kanpaiak astinduko dituzte ostegunean. Baselizara auzotarrak bakarrik ez, herritik ere joango da jendea, urtero bezalaxe. Elizkizunean kantari Jose Maria Altuna Moxorro ariko da eta organoa jotzen, berriz, Jose Luis Frantzesena. Bi musikari hauek urterokoak dira santaluzietan.

Meza bukatu orduko Elosiagakoek baseliza atarian salda eta pintxoak prest edukiko dituzte, hamaiketakoa egiteko. Hamaiketakoak aizkolarien jardunari emango dio txanda. Ekitaldia bukatu ostean auzoko erretiratuek bazkaria izango dute Añota sagardotegian.

Abenduak 13, osteguna

  • 10:00. Suziria eta kanpaiak.
  • 11:00. Meza nagusia, Santa Luzia baselizan. Jose Maria Altuna Moxorro tenoreak abestuko du eta Jose Luis Frantzesena ariko da organoa jotzen.
  • 11:30. Hamaiketakoa, Saioa eta Albier trikitilariekin.
  • 12:30. Biurri eta Flores aizkolariak.
  • 14:00. Bazkaria auzoko erretiratuentzako, Añota sagardotegian. Ondoren, erromeria Saioa eta Alabierrekin.

Zumarragako Santa Luzietara joateko autobus zerbitzu berezia

Elosiagan bezala, Zumarragan ere festa izango da Santa Luzia Egunean. Bertara joan nahi duenarentzako, autobus zerbitzu berezia jarriko du Eusko Trenek. Azpeitia- Zumarraga zatian zerbitzuak indartuko dituzte bi noranzkoetan eta Zumaiatik hasi eta Zumarragarainoko autobusen ordutegiak luzatu egingo dituzte.

Beraz, ohiko ordutegiarekin batera, Zumaiatik Zumarragara honako irteera orduak ezarri dituzte: (gidoia daramaten orduak Ospitaleraino helduko dira): 6:30-, 7:00, 8:00-, 9:00, 10:00-, 11:00, 12:00-, 13:00-, 14:00-, 15:00, 16:00-, 17:00, 18:00-, 19:00- eta 20:00. Zumarragatik Zumaiaranzko norabidean itzultzeko, berriz, honakoak izango dira irteera orduak: Irteera orduak Zumarragatik Zumaiarantz (gidoia daramaten orduetan irteera Ospitaletik egingo da): 7:35-, 8:30, 9:30-, 10:30, 11:30-, 12:30, 13:30-, 14:30-, 15:30-, 16:30, 17:30-, 18:30, 19:30-, 20:30- eta 21:30.