Gazteria Sailak gabonetarako ekitaldiak antolatu ditu

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 12a, 10:12

Ludoteketan eta Gaztelekuan izango dira ekitaldiak

Parte hartzeko ostirala baino lehen eman behar da izena

Hainbat ekitaldi antolatu dute Gabonen inguruan, eta helduentzako nahiz haurrentzako aukera zabala eskainiko dute. Udaleko Gazteria Sailak ere programazioa egin du 6 urtetik 17 urtera artekoentzako. "Ludoteketatik 6 urtetik 12ra artekoentzako eskaintza antolatu dugu eta Gaztelekutik, berriz, 12tik 17 urte artekoentzako", dio Gazteria teknikari Aloña Larrañagak.

Hilaren 14ra bitartean dago izena emateko aukera. Ludoteketako ekitaldietan, multzo osorako eman behar da izena. Bazkideek 12 euro ordaindu behar dute eta gainontzekoek 15 euro. Gaztelekuko kasuan, berriz, Paint Ball (20 euro) eta Txuri Urdinera egingo duten ibilaldirako (10 euro) eman behar da izena; gainontzeko ekitaldietan parte-hartzea doan da. "Gabon inguruan ekitaldi bereziak antolatzen saiatzen gara, baita gazteek egindako eskariak betetzen ere. Paint Ball-erako irteera garestia ateratzen da diruz eta, horregatik, ekitaldi berezi bezala antolatu ohi dugu", dio Larrañagak.

Eskaintzak koordinatuta

Gabonetan ekitaldien eskaintza ez da Gazteria Sailetik bakarrik egiten; horregatik koordinatzen saiatzen dira: "Guk goizez antolatu ohi ditugu ekitaldiak, arratsaldez merkatariek antolatzen duten Gabon Parkea zabalik dagoelako eta zine emanaldiak ere arratsaldetan izaten direlako". Gabonetako programazioa egiteko herrian duten eskaintzan parte hartzen ere saiatzen direla dio teknikariak.

Gabonetako ekitaldiak

Abenduak 15, larunbata.Iraurgi Ikastetxearen Gabon jaialdia. 17:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

Abenduak 23, igandea.Eskolania Easo Abesbatzaren kontzertua.19:00etan, Frantziskanetan.

Abenduak 24, astelehena. Olentzerorekin Gabon eskea.

Abenduak 25, asteartea.Udal Musika Bandaren Gabon kontzertua, 13:00etan, udaletxeko arkupetan. 12:00etan, kalejira.

Abenduak 26, asteazkenetik urtarrilak 4ra, ostirala.Jolas parkea, 16:00etatik 20:00etara, Izarraitz pilotalekuan, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean izan ezik.

Gazteria Sailaren eskaintza

Txiki Txoko eta Iturri Txiki ludoteketan.

  • Abenduak 26, asteazkena. Gabonetako sukaldaritza. 10:00etatik 13:00etara.
  • Abenduak 27, osteguna. Postal lehiaketa. 10:00etatik 13:00etara.
  • Abenduak 28, ostirala. Gabon Parkera irteera, 10:00etatik 13:00etara.

Zapo Txoko Gaztelekuan.

  • Abenduak 26, asteazkena.Gabonetako opariak eta apaingarriak.16:00etatik 20:00etara.
  • Abenduak 27, osteguna.Txuri Urdinera eta zinemara irteera. 10:00etatik 19:00etara.
  • Abenduak 28, ostirala. Urte amaierako festa, 16:00etatik 20:00etara.

Zine emanaldiak

  • Abenduak 26, asteazkena. 17:00etan, Shrek 3 eta 21:30ean, Jesus camp; soldados de dios, Betharramdarretan.
  • Abenduak 27, osteguna. 17:00etan, Doraemon eta dinosaurio txikia eta 21:30ean, Paris, je t’aime, Betharramdarretan.
  • Abenduak 28, ostirala. 17:00etan, Ratatouilleeta 21:30ean, El almuerzo desnudo. Betharramdarretan.