Soreasuko lanengatik bizilagunentzat bidea egingo dute behin-behinean

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 8a, 13:12

Hitzarmena egingo du Udalak, arazo batzuk konpondu asmoz

Ohiko bidea itxita dago; kulturguneko lanak egiten ari den enpresak hango zelai batzuk erabiliko ditu

Soreasun egiten ari diren kulturguneko lanak direla-eta inguru hartako bizilagunei sortutako arazo batzuk konpontzeko hitzarmena egingo du Udalak. Hitzarmenaren arabera, lanak egiten ari den enpresak eremu horretako zelai batzuk erabili ahal izango ditu, eta bide bat itxi eta behin-behineko beste bat egiteko egingo dute bizilagunentzat. Hala azaldu zuen ostegunean udalbatzarrean Iñaki Errazkin (EAE) alkateak.

“Abereen hiltegiaren atzeko zelai batzuk erabili beharra dauzka lana egiten ari den enpresak eta hiltegiaren atzeko bidean hodi batzuk sartu behar dira. Beraz, hor atzean bizi diren bizilagunentzako beste bide bat egingo da eta behin-behinean lehengo bidea itxi egingo da”, azaldu zuen Errazkinek. Hitzarmen horren bidez “Udalak zelaien jabeari 9.000 euroko konpentsazio ekonomikoa emango dio”.

Hitzarmenari, hasierako onarpena eman zion Udalbatzak. Orain jendaurrean jarriko dute.