Santo Tomas Egunean edalontzi berrerabilgarriak jartzea erabaki du Udalak

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 6a, 11:12
Txorizo postua plazan nola kokatuko diren erakusten duen planoa.

Herriko plazan txorizo postuak jarriko dituztenek ere parte hartuko dute edalontzien ekimenean

Ekimen hau "erakusleihoa" izatea nahi dute eta ezarri nahi duten ereduaren "ispilua"

Santo Tomas Egunean edalontzi berrerabilgarriak jarriko dituzte, plazako postuetan erabiltzeko. Hala erabaki du aurten Udalak: "Postuak jarriko dituztenekin ere hitz egin dugu honetaz, ados daude eta parte hartuko dute ekimenean".

Arkupetan, txorizo postuen artean, edalontziak banatzeko postu bat jarriko dute. Edalontzi bat euro baten truke eskuratu ahal izango da. Gero, edalontzia berriro bueltatu eta euroa berreskuratzeko aukera izango da. Edalontziak postu horretan bakarrik eskuratzeko modua egongo dela diote Udaleko arduradunek: "Gainontzeko postuetan, taldeen postuetan, edalontzi kopuru bat edukiko dute. Baina zikin bat garbi bategatik trukatzeko aukera egongo da txorizo postuetan, edalontzirik ez dute salduko postu horietan". Edalontziak garbitzeaz Udala arduratuko da.

Edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzten postuan txorizo eta taloen postuetakoak egongo dira lanean, txandaka.

"Erakusleihoa"

Zabor gutxiago sortzeko eta eredua emateko helburuarekin jarriko ditu edalontzi berrerabilgarriak Udalak. "Festetan zabor piloa egiten da eta era honetan murrizten saiatuko gara. Abiapuntu gisa edalontziak berrerabiltzea bultzatuko dugu", diote.

Santo Tomas Eguneko ekimen hau "erakusleihoa" izatea nahi dute eta ezarri nahi duten ereduaren "ispilua".

Edalontziak San Markoseko Udal Elkartetik ekartzeko asmoa dute, "han nahi adina edalontzi daudelako". Baina oraindik ez dute erabaki zenbat ekarriko dituzten, "Azkoitian, sanandresetan, edalontzi berrerabilgarriak erabili dituzte; beraz, hango kopuruak jakiten ditugunean erabakiko dugu Azpeitira zenbat ekarriko ditugun".

Garbitasun kontuagatik edalontzia nahi bestetan aldatzeko aukera izango da Santo Tomas Egunean. Txorizo eta taloen postuetan aldatzeko modua egongo da.

Bestalde, dagoeneko txorizo postuen zozketa egin dute dute. Zortzi postu jarriko dituzte aurten, denak herriko plazan bertan: Mikelats AEK Euskaltegia (Arkupe dendaren aurrean, izkinan); Zaparraie taldea (udaletxeko arkupetan, botika ondoan); Aitonena Jubilatuen Elkartea (aurten lehenengo aldiz jarriko dute, udaletxeko arkupetan, erdian); Itsasi (udaletxeko arkupetan, izkinan); presoen aldeko postua (lehen Hispanoamerikano bankoa zegoen tokiaren aurrean); Iraurgi ikastetxea (Alberdineko etxearen aurrean); Ikasberri Azpeitiko Ikastola (ohiko tokian, azoka plaza aurrean) eta Urola Ikastola (ohiko tokian, azoka plaza aurrean).