Ikastolaren eguna ospatuko dute abenduaren 3an Ikasberri Azpeitiko Ikastolan

Uztarria.eus 2007ko aza. 29a, 13:11

Egun osoko egitaraua prestatu dute egun horretarako; gaur, osteguna, ikasleei zuzenduta, Euskal Eskola Nazionalaren inguruko hitzaldia eskainiko dute

Ikastolaren egunarekin batera, Euskal Eskola Nazioanalaren aldeko eguna ere izango da

Abenduaren 3an Ikastolaren eguna ospatuko dute Ikasberri Azpeitiko Ikastolan. Ikastolaren egunarekin batera, Euskal Eskola Nazionalaren aldeko eguna ere izango da astelehenekoa eta egun osoko egitaraua prestatu dute Ikastolakoek egun horretarako.

Gaztetxoenentzako, ipuin kontaketak, Mari Domingiren etorrera, eskulanak; nagusiagoentzako lehiaketa eta bideo emanaldiak eta Batxilergoko ikasleen Show-a izango dira, besteak beste, Euskal Eskola Nazionalaren egunerako Ikasberri Azpeitiko Ikastolan prestatu dituzten ekimenak.

Egun horrekin, "gure hezkuntza sistema propioaren aldeko mezua zabaldu eta hausnarketa bultzatzea" nahi dute. Ikastolakoen hitzetan, "guztiok aitortzen dugu herri baten oraina eta etorkizuna eraikitzerakoan hezkuntzak duen garrantzia erabatekoa dela. Beraz, Euskal Herrian ere geure hezkuntza sistema behar dugu, geure eskola sarea, geure izaera eta nortasunetik abiatuz ikasleak gaur egunerako eta etorkizunerako prestatzen lagunduko duen hezkuntza".

Euskal Eskola Nazionala hizpide gaur, osteguna, eta astelehenean

Abenduaren 3ko egitarauaz gain, Euskal Eskola Nazionala hizpide izango dituen bi hitzaldi antolatu dituzte. Gaur, osteguna, ikasleei zuzenduta, Euskal Eskola Nazionalaren inguruko hitzaldia eskainiko dute Ikastolan bertan. 15:00retan hasiko da eta Koldo Tellitu, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakariak hartuko du hitza. Gurasoei zuzendutako hitzaldia ere prestatu dute. Abenduaren 3an izango da eta Mirari Bereziartua, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko gurasoen prestakuntzarako arduradunak eskainiko du.

Festetan ere, ingurumenaren alde

Ikasberri Azpeitiko Ikatolako kideek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, aurtengo San Andresetako postuan edalontzi berrerabilgarriak jarriko dituzte. Iazko Santo Tomasetan jarri zuten abian ekimena eta "izandako arrakasta" ikusita, aurten San Andresetan ere erabiltzea erabaki dute. "Gizartean gai honen inguruko sentsibilizazioa lantzea" lortu nahi dute batetik, eta bestetik, "zaborraren gutxitzea". Bide batez, Azkoitiko Udalari "eskerrona" luzatu diote baso berrerabilgarriak erabiltzearen alde apustu egiteagatik.

Ikastolaren eta Euskal Nazionalaren Eguneko Egitaraua ikusi hemen