Mikel Azkune eta Eneko Etxeberria ez dituzte epaituko 'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoan, baina bai zortzi lagun

Uztarria.com 2007ko aza. 28a, 12:11

2003ko urriaren 16an eta 20an atxilotu zituzten biak, operazio zabalean, eta 21ean libre geratu ziren

Del Olmo epaileak ahozko epaiketa irekitzea erabaki du, ustezko "iruzurragatik"; Torrealdai, Uria, Auzmendi, Sors, Albisu, Sorozabal, Zubelzu eta Furundarena dira inputatuak

Mikel Azkune eta Eneko Etxeberria azpeitiarrak ez dituzte epaituko Egunkaria-ko auzi ekonomikoan, ez dituztelako inputatu, baina epaiketa egin egingo dute zortzi lagunen kontra, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ahozko epaiketa irekitzea erabaki duelako. Ogasun Publikoari 1998 eta 2001. urteen artean "iruzur" egin zioten "zantzuak" ikusten ditu epaileak, eta epaiketaren data jartzeko eskatu du.

Del Olmok aginduta, Guardia Zibilak operazio zabala egin zuen 2003ko urriaren 16an (urte bereko otsailaren 20an Egunkaria itxi zuten). Zortzi lagun atxilotu zituzten orduan; haien artean, Mikel Azkune komertziala, Errenterian (han bizi da). Urriaren 20an, berriz, Eneko Etxeberria abokatua, Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Urriaren 21ean askatu zituzten denak. Azkuneri 12.000 euroko bermea jarri zioten.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Jose Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena daude auzian inputatuta, eta haiei egingo dieie epaiketa. Auziak "terrorismoarekin" loturarik ez duela eta ustezko delitu ekonomiko arruntak daudela argudiatuta, Euskal Herriko auzitegi arruntetara pasatzeko eskatua dute defentsak eta Espainiako Fiskaltzak.

Hainbat urtetan zerga erregistroko kontabilitatea faltsutzea, diru laguntza publikoak jasotzeko bete beharreko baldintzak faltsutzea eta balio erantsiaren gaineko zerga iruzurra egitea leporatzen die Dignidad y Justiciak, eta 184 urteko espetxe zigorra eta 234.530.008 euroko isuna eskatu du Dignidad y Justicia.

Auzi honetaz gain, Egunkaria-ren itxieraren kontrakoa ere zabalik dago, epaiketa noiz hasiko.