Urtean 170.000 tona hondakin balorizatuko ditu Corrugadosek

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 28a, 10:11
Corrugados Azpeitia Grupo Alfonso Gallardoren altzairutegia.

Corrugados Azpeitian sortutako zepa beltza balorizatu eta siderurgia agregakin bihurtuko dut

Azpeitiko altzairutegiak 2006an jarri zuen martxan balorizazio planta berria.

Corrugados Azpeitia Grupo Alfonso Gallardo altzairutegian sortzen diren zepak balorizatzeko instalazioak jarri dituzte. Enpresak 1,5 milioi euroko inbertsioa egin du zepak balorizatu eta siderurgia agregakin bihurtzeko.

Prozesu berriaren ondorioz, urtean 170.000 tona hondakin gutxiago sortuko dira altzairutegian. Txatarra ferrikotik abiatuta, Arku Elektrikoko Labeetan lortutako altzairutik sortzen den zepa beltza lehengai moduan hartu, eta siderurgia agregakina lortzen da. Bukatutako produktu hauek bost tamainatako aleak izaten dira eta hainbat erabilera izaten dituzte eraikuntzan eta aurre-fabrikatuen arloan.

Lau urteko lanaren emaitza

2003an hasi zen Corrugados Azpeitia hondakinak nola kudeatu aztertzen. Hainbat ikerketa egin zuen hondakin inerteak nola balorizatu erabakitzeko. Ondoren, 2005ean, inbertsio garrantzitsuak egitea onartu zuen enpresak.

Urtebete beranduago, Eusko Jaurlaritzak altzairua arku elektrikoko labean fabrikatzeak sortzen dituen zepen balorizazioa eta ondorengo erabilpena arautzen zuen dekretua onartu zuen.

Azpeitiko altzairutegiak 2006an jarri zuen martxan balorizazio planta berria. Ordura arte Arauntzako zabortegira eramaten zituzten hondakinak, 170.000 tona inguru zepa beltz, "desagertzen" joan ziren pixkanaka. "Aurten, ia ez dugu hondakinik bota zabortegian", adierazi du Pello Agirrek, enpresako Kalitate, Ingurumen eta Berrikuntzarako zuzendariak. "Esan daiteke %90 kendu dugula", gaineratu du.

Zepatik agregakinera

Altzairutegian sortzen den zepa beltza siderurgia agregakin bihurtzeari deitzen zaio balorizazio prozesua. Altzairu urtua lortzeko txatarrari egiten zaion urtze-prozesuaren baitan arku elektrikoko labeetan lortzen den zepa beltza manipulatzen da lehendabizi, aurrez botatako zepa hotzarekin nahastuz. Horrela, zepa hozteaz gain, xehetu ahal izateko kristal-egitura egokia lortzen da.

Ondoren, zepa guztia urez hozteko gunera eramaten da. Tenperatura egokira jaitsi ostean, ale-tamaina uniformea duen zepa beltza lortzen da. Zeparen zati bat hurrengo galdaldiko zepa hoztu eta manipulatzeko erabiltzen da, eta gainerakoa, berriz, zepak balorizatzeko gunera eramaten da. Elikatze-tobera botatzen da ondoren. Galbahetik igaro eta tamaina ezberdineko zepa aleak banatuta geratzen dira. Uhal magnetikoetatik ere igarotzen da materiala, zepak izan ditzakeen burdinezko osagarriak kentzeko.

Azkenik, bahe sorta batetik igarotzen da eta han produktua ale-tamaina ezberdinen arabera sailkatu egiten da, bost silotan. Siderurgia agregakin honi emango zaion erabileraren arabera ale tamaina ezberdina behar da; horregatik, instalazioak bigarren ehogailu bat du, nahi den ale tamaina lortuz.

Aurre-fabrikatuetan (lauzatxoak, lauzak, galtzadarriak, kutxetak eta blokeak), errepideetan eta urbanizazioetan erabiltzen da siderurgia agregakina.

Inbertsioaren apustua

Corrugados Azpeitia Euskalit, Ihobe eta Inasmet erakundeetako partaide da. Gainera Zilarrezko Q-aren eta ISO 14001 Ingurumen Kalitatearen Ziurtagiaren jabe da, baita ISO 9001 Kalitate Ziurtagiriarena ere. "Kalitatearekin, ingurumenarekin eta garapen iraunkorrarekin lotutako alderdiek ezinbesteko garrantzia dute; enpresaren jokabidea oinarrizko hiru zutabe hauetan dago oinarrituta", eman dute jakitera enpresako arduradunek.

"Balorizatu daitekeen hondakin guztia balorizatzea da gure helburua", azaldu du Pello Agirrek. "Lehen sortzen genuen zepa beltzari hainbat erabilpen eman diogu, eta zepa zuria, berriz, bertan kudeatu eta berrerabiltzen dugu", esan du Kalitate, Ingurumen eta Berrikuntzarako zuzendariak.

Prozesu berriak ekarri ditzakeen onura ekonomikoez galdetuta, "balantze ekonomikoa eginda, ez du ematen", erantzun du Pello Agirrek. "Inbertsio handiak egin behar dira, jendea behar da eta produktua kalera atera behar duzu", gaineratu du; "eta ez du irabazirik ekartzen".

Enpresak horrelako ekimenei bultzada emateko modu gisa ikusten du egin berri duen inbertsioa. "Administrazioak legeak egiten ditu baina, gero, araututako hori erabilerara egokitzeko neurriak bultzatu beharko lituzke". "Urratsak ematen ari dira baina makal". Neurri horiek bultzatu asmoz, "inbertsio eta apustu handiak" egin dituztela aitortu du.