Karapeto eta Etxezarreta txapeldun Euskadiko Zailtasun Eskalada Txapelketan

Uztarria.eus 2007ko aza. 27a, 13:11
Senior gizonezkoen podiuma. Erdian, txapela buruan duela Gorka Karapeto. Karapetoren ezkerrekoa Gotzon Gardeazabal da eta eskubikoa Mikel Mikel Odriozola zestoarra.

Igandean jokatu zen Gasteizen Euskadiko Zailtasun Eskalada Txapelketa

Senior gizonezkoetan Gorka Karapeto nagusitu zen eta 18 urtez azpiko emakumezkoetan, berriz, Maite Etxezarreta

Joan den igandean, hilak 25, jokatu zuten Euskadiko Zailtasun Eskalada Txapelketa Gasteizko Hegoalde Zentroan. Denera, hogeita hamalau eskalatzailek parte hartu zuten txapelketan eta horien artean, Gorka Karapeto eta Maite Etxezarreta azpeitiarrak garaile atera ziren.

Senior Gizonezkoen mailan Gorka Karapeto izan zen hoberena eta Gotzon Gardeazabalen, Mikel Odriozolaren eta Iban Larrionen aurretik sailkatu zen. Maila bereko emakumezkoetan, berriz, Irati Anda gasteiztarra nagusitu zen, Esther Cruz eta Itziar Rodriguezen aurretik.

.18 urtez azpiko emakumezkoetan beste azpeitiar bat nagusitu zen: Maite Etxezarreta. Josebe Zarautz zumaiarraren aurretik sailkatu zen Etxezarreta.

Euskal Mendizale Federazioaren arabera, jende ugari bildu zen Hegoalde eraikinean eskalada txapelketa ikustera eta finalek iraun zuten bitartean, "giro aparta" bizi izan zen.