Noizko berriz larrean?

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 26a, 13:11
Bixente Agirre Azpeitiko Premietxeberri baserrikoa eta Limousine Elkarteko lehendakaria da.

Mingain urdinaren gaitza dela eta, ganadurik ezin da kalera atera, horrek ganadu feriei, idi-probei eta sokamuturrari eragin dio

Bixente Agirre Limousine Elkarteko lehendakariak dio "neurriak hartu" egin behar direla, baina bere ustez, "denbora gutxikoa" izango da

Hil honen hasieran lehen mingain urdinaren kasuak atzeman ziren Gipuzkoan, joan den astean, berriz, eskualdean. Gaixotutako lehen abelgorri eta ardi aziendak Oiartzualdean aurkitu zituzten. Pixkanaka, beste toki batzuetan ere gaitz hori duten abereak agertu dira. Esaterako, Aian abere bat gaixo dagoela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ardietan eta behietan atzeman dute gaixotasuna. Behiek gaixotasuna gainditzen dute, ez ordea ardiek. Horregatik Gipuzkoako Foru Aldundiak ardiak txertatu egingo ditu. Gaitza atzeman orduko Aldundiak hainbat neurri hartu ditu, ez zabaltzeko. Kaltetutako ukuiluak garbitu dituzte eta nekazariei animaliak ukuiluetan sartu eta ez mugitzeko agindu die. Ondorioz, Aian eta Azkoitian idi probak eta Azpeitiko Errebalean sokamuturra bertan behera gelditu dira. Ganadu ferietara ere ezin da ganadurik ekarri, esaterako Azpeitikora. Hala ere, garai honetan herrietako feriez gainera ez dago feri handirik. Limousine Behien Elkarteko lehendakaria da Bixente Agirre, Azpeitiko Premietxeberri baserrikoa eta halaxe dio berak, "azkenengo peri handia Zamudion izan dugu, eta orain Santa Luziko feria arte besterik ez dugu".

"Azpeitiko hanka biko feria"

Azpeitian ganadu feria hilero, hirugarren asteazkenetan, egin ohi da. Azarokoa aste honetan izan da. Herriko plazan baserriko tresneria saltzeko postuak bakarrik zeuden. "Azpeitian aspalditik ez dago peri mugimendu handirik, Azpeitikoa hanka biko feria da. Zorionez baserritar dezente elkartzen da oraindik ere, baina ganadu feria gastatuta dago", dio Agirrek. Ganadua ferira ekarri ezinak kalte askorik ez duela eragingo dio Agirrek. Garai batean ferietan egiten ziren ganaduzaleen arteko tratuak, baina gaur egun ferietan tratu gutxi egiten dela kontatzen du Premietxeberrikoak, "tratante bat edo beste izaten da ferietan, baina bestela tratu gutxi egiten da Azpeitikoa bezalako ferietan. Ferietan gero eta kontu gutxiago egiten da. Norberak etxerako behar duena etxean bertan egiten du, edota tratantearekin etxean bertan egiten du tratua. Ganadua gero eta gutxiago eramaten da plazara".

Zarata gehiago, arazoa baino

Agirrek uste du mingain urdinaren gaitzaren kontu hau denbora gutxikoa izango dela, "gaitz bat da eta neurriak hartu egin behar dira, baina nire ustez denbora gutxikoa izango da, hala ematen du behintzat. Zarata gehiago izan da, dena baino". Uste du, santaluzietarako libratuko dela.

Gaitza eltxo batek zabaltzen du, baina ganaduzalearen esanetan kamioiak geldituta ez da gaitza zabaltzea ekidingo, "ganadua ukuiluetan eduki eta kamioizaleak gelditzeak ez du eraginik, eltxoa batetik bestera auto baten barruan ere joango da". Gaitzarekin hemengo tenperaturak bukatuko du, "hemengo hotzekin eltxo hori akabatuko da". Gainontzean gaitzak pertsonengan eraginik ez duela dio Agirrek, "haragitik eta esnetik ez dira pertsonak kutsatzen".

Mingain urdinaren gaitzaren kontuak "zalaparta" sortu du Agirreren esanetan, "egunkarietan eta ateratzen dute gaitzaren kontua eta zalaparta sortzen da; horrek kalte egiten du. Gero merkatuan-eta eragina izan dezakeelako". Orain dela 50 urte ere, mingain urdinaren gaitza izan omen zen Gipuzkoan. Hala dio Agirrek, "1957an ere azaltzen da gaitz hori Gipuzkoan, halaxe azaltzen da Gipuzkoako Foru Aldundian jasotako datuetan. Baina orduan ganadua txertatu egin zen eta 50 urtean ez da berriro gaitz hori azaldu. Kontu berria da eta horregatik jendea kezkatuta dago. Baina gaur egun ganaduzaleok eta baserritarrok hori baino arazo eta kezka larriagoak baditugu, esaterako pentsuen garestitzea".

Kontuak kontu, oraindik ez dago garbi ukuiluak noiz irekiko diren. Batzuk laster diote, baina inork ez daki noiz. Santaluzietarako irekiko ote ateak? Batzuk zain daude.

Sokamuturrean ibiltzen diren zezenak ere ukuiluetan

Mingain urdinaren gaitzak sokamuturrari ere eragin dio Azpeitian. Errebalean sanmartinetan bertan behera utzi behar izan zuten sokamuturra; zezenik ezin zelako kalera atera. Zezenak ukuilutik ateratzeko aukera noiz izango den ez dakiteGorixo ganadutegikoek ere. "Orain txertoa jarri beharko diogu ganaduari eta gero ikusi egin behar. Guk, behintzat, ez dakigu noiz utziko duten ganadua ateratzen". Gorixon sokamuturrerako zezenak dituzte. Hurrena, sansebastianetan izango da sokamuturra Azpeitian.