'Hau da Azpeitia diot', hamalau urtera

Uztarria.com 2007ko aza. 22a, 16:11

Jose Luis Otamendik bere poesia liburu berrian Xabier Aldaik 1993an Azpeitiaz idatzitako poemaren irakurketa egin du; uztarria.com-ek bi poemak jarri ditu irakurgai

"Aldaik gure herri honen oso irakurketa kritikoa eta zorrotza egiten du; osatzera, zorra aitortzera nator"

Atzo (asteazkena) aurkeztu zuen Jose Luis Otamendik Erlojuen mekanika poesia liburua (Susa argitaletxea) eta, bertan, Xabier Aldai herrikideari zuzendutako poema bat dago, Jendetasuna (Xabier Aldairi) izenekoa.

Aldaik duela hamalau urte, Bala zeru urdina poesia liburuan (Susa) Hau da Azpeitia diot poema idatzi zuen, eta horretaz ari da Otamendi bere lan berriko ale batean. “Bala zeru urdina liburuan azaltzen da poema eder askoren artean bat Hau da Azpeitia diot leloa erabiltzen duena. Gure herri honen oso irakurketa kritikoa eta zorrotza egiten du. Nik haren musika hartu eta berarekin zorretan irakurketa bat egin dut, nik ere Hau da Azpeitia diot hamalau urte geroago eta urte mordo bat gehiagorekin. Osatzera, zorra aitortzera, eta Aldairi esker zorra aitortzera nator”, esan du Urola Kostako Hitza-n.

Uztarriak bi poema horiek jarri ditu hemen, irakurgai.

Xabier Aldai (Bala zeru urdina liburua)

'Hau da Azpeitia diot'

hau da azpeitia diot eta
ez naiz lotsatzen
ostikoz jotzen dut haizea
ezpain artean ditut gordetzen
aintzinako zizareen etsipenak
hontzen ulu eta habiak
eta ez naiz isiltzen ez
ez naiz isiltzen
ez bada ozenki mintzatuz

hau da azpeitia diot
kuriositateaz begiratzen ditut
zubiz lepa-estuturiko ibai herdoilduak
betzulo beltzen galdera ikur keinu
eszeptikoak etxe zahar etxe berriak
rutinaren ke zutabe beltzak zeru zaharrak zeharkatzen
aiton-amonak helduak gora eta behera
kez lohituriko oroitzapenak narraztatzen

hau da azpeitia diot
bere mamuei begira hau da ene askatasuna
huntzez eta belez bete
gaztelu abandonatua hemen epaitzen dira
kolore guztietako gizakiak irudimenaren
zerrautsezko hilkutxetan hilobiratuz
hemen bizi dira
hemen hil ziren
azpeitian

hau da azpeitia diot
tabernek jan dituzte herri honetako
gazte uniformatuen arima jolas agnostikoak
hauek dira azpeitia taberna azkoitia
taberna euskadi taberna
mundu osoa azpeitia taberna da!
hau da azpeitia bai
hau da azpeitia diot
hemen ama da semearen heriotza jakiten azkena
hau da azpeitia diot
tabernatik irtenez

Jose Luis Otamendi (Erlojuen mekanika liburua)

'Jendetasuna (Xabier Aldairi)'

ez dago lotsatuko gaituen jaioterririk
eta ez dago aseko gaituen sorterririk
ez gara zuhaitzak ez gara txoriak
sendo lotuak gaude kale hauei
bertako haizeari bertako hizkerari
baina gu izatez jendea gara
ez haize ez kale ez hizkera
maite duguna ez maitatzeko
daukagun eskubidean oinarri hartuta bizi gara

nik ere beste nonbaitekoa izan nahi nuke batzuetan
eta boladatan hemen bertakoa
eta inoiz beste norbait izan nahiko nuke
eta hurrengo batean ere bai
baina hori ezin da horren arin aldatu
—hainbeste larderia
hainbeste jatortasun euskaldun
hainbeste alderdi erlijioso
hainbeste eskuindar pobre
eta ezkertiar milioidun—
ederra da hegan egitea baina ez gara txoriak
harriek bezala pisatzen dute
sentimenduek eta oroitzapenek
eta ibai handi batek daramatza
milaka aukera betirako galduak
eta egindako aukeren ondare zalantzazko hori
urrea balitz bezala gorde nahi dut

ez dago lotsatuko gaituen herririk
ez dago aseko gaituen sorterririk
—non ez den geure buruaren ispilu pitzatu delako—
etxeak paratzen ditugu lerro-lerro
bata bestearen ondoan
kaleak osatzen ditugu
eta kalez kale abiatu eta
muga ateratzen zaigu bidera deblauki
*hemen hasten da aurpegi bat
hor amaitzen da bestea*

Azpeitia diot nik ere
eta ez zait betetzen ahoa
ez zait betetzen bihotza
han eta hemen
han hemenka
hangoak eta hemengoak
jendea gara eta jendeak jendeari jende izatea dio zor
askotan nonbaitekoa baino
norbaitekoa izan nahiko nuke
norbaitekoa izan ez ezerena ez inorena
norbaitekoa izan zure beldurrekoa izan esate batera
zure kolorekoa izan edo
beste norbaiten begietan landatuta bizi

Azpeitia diot nik ere
eta diot ez dela inon guztiz aseko gaituen sorterririk
baina jendea bai
eta diot ez dela lotsak hil lezakeen
ez banderarik ez himnorik
baina jendea bai
(eta nahiko nuke neure lotsa zaindu)
nik ere Azpeitia diot
eta maite dudana bezain ozen
maite ez dudana ez maitatzeko eskubidea
aldarrikatuz diot
—hainbeste kanpoeder
hainbeste barren huts
hainbeste aho bero eta odol epel
hainbeste gezur beltz
eta aurpegi zuri—
nik ere Azpeitia diot
eta ez naiz lotsatzen
ni ere jendea naiz
eta hemen denok gatoz munduaren erraietatik