Musikaz jantzitako 25 urteak liburuan jasota

Uztarria.eus 2007ko aza. 20a, 15:11
Gaur, asteartea, aurkeztu dute liburua udaletxean.

Gaur, asteartea, aurkeztu dute Juan Antxieta Musika Eskolaren 25. urteurreneko liburua

Ekitaldiekin jarraituz, bihar Santa Zezilia eguna ospatuko dute Izarraitz pilotalekuan

1982an hasi eta 2007ra arte, Juan Antxieta Musika Eskolak egindako lana jaso dute Juan de Antxieta Musika Eskola 25 urte liburuan. Musika Eskolako lehendakari Mari Jose Bikendiren hitzetan, liburuarekin eskolaren historia herritarrei ezagutarazi nahi diote.

Liburuak bi zati ditu: lehen zatian, Musika Eskolaren historia jaso dute; eta, bigarrengoan, berriz, argazkiak bildu dituzte. "Argazkiak ikusi eta oroitzapen onak izan ditugu eta horixe erakutsi nahi izan dugu. Herriko zati garrantzitsu bat gara. Edozein herritarren bilgune bihurtu gara, gizakiaren garapenerako ardatz garrantzitsu bat delako musika". Liburuarekin batera disko bat ere kaleratu dute, Musika Eskolako ikasleek osatutako Etzake musika taldeak 25. urteurrenerako egindako kantua jasoz.

Liburuaren azala aukeratzeko, berriz, Musika Eskola barruan lehiaketa egin dute eta Lierni Varelarena aukeratu dute. Hori izango da Musika Eskolaren 25. urteurrena iragarriko duen irudia.

Lehenagoko musika giroa

Musika Eskolako sortzaileetako batek idatzi du liburua, Jose Ignacio Alberdi Egañak: "Liburuan Musika Eskolaren hasiera, eguneroko eginkizunak eta jardunaldi bereziak ondo aipatu nahi izan ditugu".

Liburuaren aurkezpenean, Musika Eskola sortu aurretik Azpeitian bizi zen musika giroa ekarri zuen gogora Alberdik: "80ko hamarkadaren hasieran, Musikako Akademian Jose Mari Altuna eta Iñaki Alberdi bertako ikasleen prestakuntzaz arduratzen ziren. Bestalde, Tomas Geretak zuzentzen zuen Ekaitza txistu eta solfeo akademia zegoen; Amaia Garmendiaren gitarrako klaseak; Begoña Gurrutxaga nuarbetarraren eskusoinu-eskolak; Izarraitz Txistulari taldea, Jose Mari Sagarzazuk zuzenduta; baita Itsasi eta Sahatsa dantza taldeak ere. Parrokiako abesbatza ere hortxe ari zen lanean, baita Olatz abesbatza ere".

Baina, martxan ziren taldeez gainera, pianoko hainbat irakaslek etxean klaseak ematen zituzten: "Milagros Agirre, Maria Jesus Agirre, Mari Sol Elorza, Maria Dolores Oteiza eta Maria Rosario Segurola. Orduan, azterketak egitera Donostiara hainbat ikasle joaten zen. Garai hartan Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak akademia filialak sortu zituen. Azpeitian ez zen sortu, baina ezin zen hortik kanpo geratu. Hala, musika erakusten zutenei Musika Eskola sortzeko aukeraz hitz egin genien".

.25 urtean hiru mila ikasle

Musika Eskola sortzeko asmoz, lehen gurasoen batzarra 1982ko ekainaren 22an egin zuten Enparan Dorretxean. "Guraso asko azaldu zen eta batzorde bat osatu genuen". Orduantxe erabaki zuten Musika Eskola sortuko zutela eta Juan Antxieta izena jarriko ziotela. Musikako lehen eskolak urriaren 4an eman zituzten. Aurrena, Karmelo Etxegarai Ikastolak Sanjuandegin zituen lokaletan eta, gero, berriz, Oktogonoan. 25 urte hauetan Juan Antxieta Musika Eskolatik hiru mila ikasle inguru pasatu dira.

Izaskun Zeziagak, Guraso Batzordeko lehendakariak, 25 urteotan Musika Eskolan parte hartu dutenei eskerrak eman zizkien. Eta, aurrera begira, Udal Musika Bandarekin duten elkarlanerako proiektua aipatu zuen. "Musika Eskola gaur egun proiektu sendoa da eta bat baino gehiago izan dira 25 urteotan gainditu beharreko oztopoak". Liburuaren aurkezpena 25 urteurreneko ekitaldien programazioko lehena izan dela gaineratu zuen.

Liburuaren aurkezpenean, Iñaki Errazkin alkateak Musika Eskolako kideak zoriondu zituen, urteotan egindako lanagatik, "herritarren ekimenetik abiatutako esfortzu horrek guztiak osatu duelako Musika Eskola". Bestalde, eskolatik kanpo, kalean, egindako lana azpimarratu zuen. Hala nola, ekitaldiak, kontzertuak, kalejirak...

Gaur, Santa Zeziliako jaialdia

Ekitaldiekin jarraituz, gaur Santa Zezilia jaialdia ospatuko dute. Izarraitz pilotalekuan izango da, 19:30ean hasita. Musika emanaldien artean, Eztake musika taldeak Musika Eskolaren 25. urteurrenerako ateratako abestia entzuteko aukera izango da. Mari Jose Bikendik, Musika Eskolako lehendakariak, jaialdira joateko gonbita egin zuen. Jaialdian bertan gaur aurkeztu duten liburua erosteko aukera izango da. 10 euro balio du eta Musika Eskolako egoitzan eskuratu ahal izango da gaurtik aurrera.